GARA
URRUÑA

Euskal inauterietako tradizioak berriz presente Baionako karriketan

Lapurdiko inauterietako ohitura zaharretan oinarritutako hitzordua antolatu du Baionako Herriko Etxeak. Ostegunetik igandera hainbat ekitaldi eginen dira. Larunbata izanen da egun nagusia, non kabalkada ibiliko den Zanpantzarrekin, hartzarekin eta joaldunekin.

Euskal kultura oso presente ez duen Baionak jatorrietara itzulera egin nahi du inauterien bitartez. Modu ezberdinetan eginen da lau egunetan zehar. Larunbatean inauteri giroa goizean goizetik hasiko da sentitzen, merkatu estaliko saltzaileen mozorroekin. 11.00etatik goiti Roland Barthes zelaigunean animazioak izanen dira, eta eguerdian Zanpantzar ailegatuko da. 14.30etik aurrera hirian zehar ibilbidea hasiko du berarekin bat eginen duen kabalkadako beste kideekin. 16.00etan belargunera itzuliko delarik Orai Bat elkartekoen eskutik epaiketa eginen diote, eta 16.30ean erreko dute. 18.00etatik goiti peñetako kideak bestara bilduko dira.

Ostegunean dantza garaikidea izanen da protagonista; “Gaur egungo errituak” bilduko dituzte Lauga gelan aurkeztuko diren hiru ikuskizunek. Xateletarrak taldearen “Ohiberritze, dantzaren botzak”, Bilakaren “Negua” eta Kukairen “Gelajauziak” aurkeztuko dira, ohiturak eta sorkuntza garaikidea nola elkartzen diren erakusteko.

Ostiralean Philippe Albor eta Patrick Fisherrek eginiko “Yes” ikuskizuna aurkeztuko da Laugan, 9.00etan. Eta arratsaldean Thierry Truffautek “800 urteko inauteriak Baionan” hitzaldia emanen du. Igandean Baionako adinekoen elkarteak mozorrotutako te dantzaldia eginen du.

Euskal inauteri tradizionalak ohiko legez presente izanen dira Donibane Lohizune eta Ziburuko badian ere. Azken honetan, ostiralean herritarren artean ohitura den Sorgin Gaua eginen da plazan. Urdazuri ibaiaren bestaldean, larunbatean Zanpantzarraren desfilea eginen da arratsalde hasieran, eta 17.30ean Luis XIV.a plazan epaiketaren ondoren erre eginen dute.