Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Bagoaz-ek bizi osorako zigorrak eteteko eskatuko du Donibane Lohizunen

Apirilaren hasieran 27 urte beteko dira Jakes Esnal, Frederik Haranburu Txistor eta Ion Kepa eta Unai Parot anaiak preso hartu zituztenetik. Hiru lehenak Estatu frantseseko kartzeletan dauzkate eta azkenak, berriz, Cadizen segitzen du, geratzen zaion kondena espetxe frantses batean betetzeko egin zuen eskaera errefusatua izan ostean.

Bagoaz kolektiboak atzo Baionan salatu zuenez, azken urteotan, Lorentxa Guimonena izan ezik (eta kasu horretan ere ez lehen saialdian), epaileek atzera botatzen dituzte «sistematikoki» euskal presoen baldintzapeko askatasun eskaera guztiak.

«Horretarako erabiltzen dituzten argudioak, gainera, erabat politikoak dira; esaterako, militante independentista direla, ez direla ETArengandik aldendu edota ETAk berak ez dituela oraindik armak entregatu», azaldu zuten. Gainera, Estatuan ezarritako larrialdi egoeraren ondorioz egindako lege moldaketek lehendik ezartzen zizkieten baldintzak «gogortu» egin dituztela adierazi zuen presoen eskubideen alde diharduen kolektiboak.

Jokamolde horrekin, «egiaz, bizi osorako espetxe zigorra» aplikatzen zaiela azpimarratu du, hiru lapurtarrak jada «Estatu frantsesean espetxeratuta urte gehien daramaten euskal preso politikoak» direla gogorarazita.

Bagoazen esanetan, «estrategia pentsatu, asumitu eta planifikatu horren erantzule zuzena» Gobernua da. Izan ere, «nahi izanez gero, presoen egoerari aterabidea eman» diezaiokeen uste osoa du.

Ildo horretan, dei berezia egin dio Hollande presidenteari bere mandatua utzi aitzin, baldintzapeko askatasun eskaerei buruz ez ezik, larri gaixorik dauden presoenez eta urruntze politikaz ere jarrera alda dezan eta, halaber, konponbide prozesuaren aldeko urratsak egin ditzan. Hori guztia aldarrikatzeko manifestazioa antolatu du datorren martxoaren 25erako, 17.00ean, Donibane Lohizunen.

Elkarretaratzea Bilbon

Hain zuzen ere, gaixotasun larria duen Txus Martin preso galdakoztarraren askatasuna eskatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian, Bilboko Auzitegiaren aurrean.

Bestalde, Estatu frantsesean preso dauden Ugaitz Errazkin hernaniarra eta Igor Uriarte gasteiztarra Chateurouxeko espetxera lekualdatu dituzte Fresnes eta Villepintetik, hurrenez hurren. Uriarte, Arkaitz Agirregabiria bezala, zigor ziegan zegoen azaroaren 18tik Villepinten «bizi-baldintza duinak» exijituz.

Faisan ostatuaren aferan kondenatu zuten Jean-Pierre Harokarene, berriz, ostiralean aske geratuko dela jakin zen atzo ere, baina Estatu espainolean geratzeko duen debekua dela medio, seguru asko, polizia frantsesaren esku utziko dute.