Amaia Zubieta eta Arantxa Ruiz de Vidorreta
Steilas sindikatuko kideak
KOLABORAZIOA

Matrikulazioa eta kohesio soziala

Egun gutxi barru abiatuko da haurrak eskoletan matrikulatzeko prozesua 2017-2018 ikasturterako, hala zentro publikoetan nola funts publikoak jasotzen dituzten zentro pribatuetan, itundutako zentro esaten zaien horietan. Urtero gertatzen den moduan, zentroak elkarren arteko lehian arituko dira, beren merkatu-kuota lortu nahian, eta kanpainak jarriko dituzte martxan, bezeroek, kasu honetan familiek, beren produktua (hezkuntza eskaintza) aukera dezaten eta beren zentroan matrikulatu ditzaten haurrak. Horren guztiaren oinarrian dago prozesu honen printzipio zalantzaezinetako bat: familiek zentroa aukeratzeko daukaten eskubidea bermatzea. Fenomeno hori urtero gertatzen denez, naturala iruditzen zaigu, baina arreta handiagoz erreparatu behar genioke.

Aise asko froga daiteke familia guztiek ez daukatela zentroa aukeratzeko askatasun osoa; izan ere, adibidez, itunpeko zentro bat aukeratu nahi bada, herritarren zati txiki batek baino ezin du hori egin: hirigune batean bizi diren eta behar adina baliabide ekonomiko dauzkaten familiek soilik egin dezakete hori, «borondatezko kuota» eta halako zentroetan ohikoak diren garraio- eta jantoki-gastuak ordaindu behar baitituzte. Familia askok aukera bakarra dute: bizi diren herriko edo auzoko eskola publikoa eta hezkuntza-administrazioak erabakitako hezkuntza-eskaintza, programa eta hizkuntza-eredua. Hots, «aukera askeko printzipioa» deritzon hori ez da benetan aukera aske bat, eta, gainera, aukera-berdintasunaren aurkakoa da, guztiz.

Gobernuak ez die ikasle guztiei bermatzen hezkuntza-eskaintza publiko bat, are gutxiago gustatuko litzaigukeen bezala (hezkidetzailea, laikoa, inklusiboa, integrala, kritikoa eta abar). Ez, horren ordez, gobernuak eguneko menu itxia eskaintzen die herritar batzuei, eta beste batzuei, berriz, eskolatzearen karta berezia, nahieran hautatzeko. Hau da, eskolatzeak hasieratik ezartzen ditu bereizketa-mekanismoak eta ikasleak bereizten ditu arrazoi sozioekonomikoen edo geografikoen arabera, berdintasuna eta kohesio soziala sustatu beharrean.

Zentzu horretan, gaur egun agintean den gobernuak oraindik ez du urratsik egin eskaintza publikoa zabaltzeko eta, gainera, sekulako aukera galdu du, aurreko gobernutik zetorren hizkuntza-ereduen eta -programen antolaketa kaskarra aldatzeko. Ez da ausartu atzerriko hizkuntzak ikasteko programak aldatzen eta ez du biderik hasi ikasle guztiei curriculum komun bat ezartzeko, zeinaren bidez bermatuko litzatekeen bertako bi hizkuntzak eta atzerriko hizkuntza bat ikastea derrigorrezko eskola aldietan. Presio sozialak agerikoak dira, hala ere, Hezkuntza Departamentuak ekin beharra zeukan, eta hezkuntza-eskaintza planifikatu zientifikoki alderatutako proposamenen arabera; ez, ordea, mito faltsuei segika.

Polarizazio soziala nagusi den honetan, ez da aise entzungo Steilasek orain dela hainbat urtetatik zabaldu nahi duen mezua: hizkuntza-eskubideak eta kohesio soziala errespetatuko badira, ezinbestekoa da ikasle guztiek ikasi ahal izatea Nafarroako bi hizkuntzak. Are zailagoa da hori gertatzea; izan ere, interes politiko temati bat baitago, etengabe boikotatzen duena euskarazko edo euskararen irakaskuntza zabaltzea, baita ustezko «aukera-askatasunaren» testuinguruan ere. Argi ikusi dugu hori, Tuteran kartelak zabaldu baitituzte, eta modu anonimoan eta gezurren bidez eraso diete D ereduari eta gobernua sostengatzen duten lau alderdiei. Ezjakina ausarta da, baita bortitza ere, batzuetan. Steilasek ez die jaramonik egingo probokazioei eta ez ditu hizkuntzak elkarren aurka jarriko.

Bestalde, hainbat urrats positibo egin dira «ez-euskalduntzat» jotzen den eremuan D eredua eskaintzen jarraitzeko (erreferentziazko zentroak, informazioa emateko hitzaldiak etabar); hala ere, ez dira inondik ere nahikoa. Modu jarraituan lan egin behar da nafar guztiek informazioa jaso dezaten gure hizkuntza eta kultur ondareari buruz, hausnartu eta eztabaidatu dezagun ea nola transmitituko diegun gure ondarea etorkizuneko belaunaldiei, hezkuntzaren bitartez.