A. MANTEROLA
DONIBANE LOHIZUNE

Bigarren etxebizitzei udal zerga igotzeko aukera ez galtzera deitu du EH Baik

Aurtengo Finantza Lege berriak, bigarren etxebizitza deiturikoen kopuru handia duten inguruetan, ondasun higiezinen gaineko zerga %5 eta %60 artean igotzea ahalbidetu duela aintzat hartuta, EH Baik dei egin die inguruabar horretan dauden udalei, hilaren bukaera baino lehen udalbatzak egin ditzaten norabide horretako erabakiak hartzeko.

Duela egun batzuk Donibane Lohizuneko udal talde abertzaleak ere dei bera egin zion Peyuco Duhart auzapezari, hurrengo udalbatza martxora atzeratu zuenean. Beranduenez ere otsailaren 28a baino lehen, gai horrekin soilik bada ere, osoko bilkura egiteko eskatu zion. Izan ere, kostaldeko herri gehienetan bezala, duela hilabete batzuk jada zerga hori %20 emendatzea deliberatu zuen Herriko Etxeak aho batez. Herri Berriren ekimenez hartutako neurriari esker, 2016an 450.000 euroko diru-sarrera gehigarria lortu zen, hirigintzara edo arlo sozialera bideratzeko. Biarritzen, berriz, 650.000 eurokoa izan da.

%60raino emendatzea

Alta, orain arte egiaztatu dutenez, kopuru hori ez da aski izan bigarren etxebizitzen hazkundea gelditzeko. Horrenbestez, EH Baik urrats ausartagoak behar direla deritzo eta, berandu baino lehen, udal zerga legeak baimentzen duen mugarainoko, hots, %60rainoko igoera aplikatzeko deliberoa hartzeko eskatu die egoera horretan dauden udalei.

Orain arte neurri horren alde bozkatu duen udal bakarra Uztaritzekoa izan da.