GARA
GASTEIZ

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek Kataluniako prozesua babestu dute

«Herriek beren etorkizun politikoa erabakitzeko zilegitasun demokratikoa daukate, eta muga bakarra herritarren erabaki libre eta demokratikoa izan behar da». Hala jasotzen du EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos legebiltzar taldeek Kataluniako prozesua babesteko atzo adostutako adierazpenak.

Joseba Egibar (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu) aurkeztutako testuak dioenez, «Kataluniako herriak eskubidea du bertako gehiengoaren borondatea libre eta demokratikoki adierazteko Estatu espainolarekin duen harremanari dagokionez, baina Auzitegi Konstituzionalak eskubide horren kontra jo du berriz ere eta baliorik gabe utzi du aurten erreferenduma egiteko ebazpena».

«Are gehiago, Konstituzionalak eskumena eman dio fiskaltzari Carme Forcadell Parlament-eko presidentearen aurkako zigor prozedurak abiatzeko eta mehatxua zabaldu die parlamentuko mahaiko gainerako kideei, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteari eta haren gobernuko kide guztiei», salatzen dute euskal alderdiek, gaineratuz elkartasun osoa adierazten dietela «Carme Forcadell andereari, Parlament osoari, Generalitateko Gobernuari eta Katalunia osoari».

«Argi utzi nahi dugu Kataluniako Parlamentuak abiatutako prozesu politiko eta demokratikoa errespetatu eta aitortu beharrekoa dela, herri katalanaren gehiengoaren borondate demokratikoaren adierazpen gisa. Halaber, adierazi nahi dugu egitasmo politiko zilegi eta demokratikoei eman beharreko erantzuna akordio politikoa dela, ez jazarpen judiziala», azaltzen dute Legebiltzarrean aurkeztutako agirian.

Euskal politikariak Katalunian izan ziren joan den astean Artur Mas, Joana Ortega eta Irene Rigauri elkartasuna adierazteko, Maddalen Iriarte, Marian Beitianlarrangoitia eta Jon Inarritu horien artean.