ESKARIA GERO ETA HANDIAGOA DEN ARREN, ALGA GORRIA GUTXITZEN
Alga gorriaren populazio mailak azken hamarkadetan behera egin du, eta oraindik gutxitzeko joera du, baina hala eta guztiz ere, Euskal Herriko itsasbazterretako paisaiaren parte izaten jarraitzen du eta lan iturri garrantzitsua ere bada Lapurdiko kostaldean.
Gelidium sesquipedale du berezko izena, baina Gelidium corneum edo Gelidium imperial bezala ere ezaguna da. Gehienez 20 metroko sakoneran, haitzei itsatsita hazten den alga mota da, eta uda sasoian, korronteak izaten diren eremuetako uharrietan hasten da modu iraunkorrean.
Uda amaieran hartzen du heldutasun maila gorena, eta algaren luzera handiagoa denean, itsaskiek errazago astindu eta harkaitzetatik erauzten dute. Ondorioz, itsas azpian, zein kostaldeko eremuetan alga multzo handiak pilatzen dira.
Itsas ekosistemaren funtzionamenduan aldagai garrantzitsua da, arrainentzat babesleku egokia izaki, flora eta animalien bizia bermatzen baitu. Azken hamarkadetan, ordea, arrazoi desberdinak direla medio, alga gorrien populazioak kolpe gogorra jasan du eta pixkanaka bere lekua beste alga mota batzuk hartzen hasi dira.
Alga berrien agerpenak eragin zuzena izan du, eta lekua hartzen hasteaz gain, animalia berriak ere agertu dira. Adituen esanetan, honek ez du esan nahi ingurunearentzat positiboa denik, ekosistema batean egokiena prozesu ekologikoak mantentzea baita. EHUko ikerketa taldeetan aritu diren kideek diotenez, garrantzitsuena «produktibitatea eta bioaniztasuna mantentzea da».
Argi gutxiago, olatu gehiago
Itsasoarekin zerikusia duten arlo desberdinetako eragileek azken urteetan aldakuntza nabarmenak izan direla baieztatzen dute, eta askok, aldaketen iturburua lurraren berotze prozesuarekin lotzen dute. Hortaz, klima aldaketaren ondorioz alga gorri gutxiago dagoela ere esaten dutenak badira.
2014. urteko abenduan, UPV-EHUko Itsas Bentos Ikerketa Taldeak argitaratu zuen txosten baten arabera «argia aldagai erabakigarria da Gelidium algaren osasunean». Beraz, bestelako eragileak izan daitezke, baina ziurtzat jotzen da argi kopuruak eragin zuzena duela.
Azti ikerketa zentroak egindako azterketen arabera, orain hamabost urte eguzki ordu gutxiago egiten hasi zen, eta aldi berean, azken hamar urteetan olatuen indarra handitu egin da. Eguzki argiak algak haztea eragiten du, beraz, argi gutxiagorekin ahulago hasten dira, eta orain, itsaskien maiztasuna handiagoa denez, algak errazago eta ondu aitzin askatzen dira.
Gaur egungo algak «meheagoak dira eta kolore gutxiago dute» ikerketen arabera, baina horrez gain, kopurua ere behera doa. Aldiz, alga gorriaren eskaerak gora egin du eta prezioak ere bai.
Agar-agar preziatua
Alga gorria hain estimatua bilakatzearen arrazoi nagusia bertatik eratortzen den agar-agar edo E406 eransgarria da, munduko leku gutxitan aurkitzen baita. Gainera, alga gorri guztien artean, agar-agar egiteko kalitate onena eskaintzen duena Gelidium sesquipedale motakoa da.
Kantauri itsasoko kostaldetik harago, soilik Portugal, Maroko, Indonesia eta Japonian aurkitzen da alga mota hau. Orain gutxi arte Maroko zen alga gehien biltzen zuen herrialdea, baina izugarrizko beherakada izan zuen bilketa modu desegokian egiteagatik. Algak haitzetatik indarrez erauzten zituzten, eta ondorioz ez zen gehiago algarik hazten bortxatutako eremuetan.
Agar-agar enpresak dira prezioa ezartzen dutenak. Hondarribiko portuan, esaterako, hiru dira horretan ari diren enpresa nagusiak, Sobigel Hendaiarra (Estatu frantseseko bakarra), Agar Asturias eta Roko, azken hau ere asturiarra eta Europako agar-agar enpresa handiena.
Gastronomian bakarrik ez, azken urteetan bestelako erabilera batzuk ere eman dizkiote alga gorriari, nahiz eta askoz ere kantitate txikiagoa behar izan. Laboratoires Biarritz, adibidez, 2011. urtean sortu zen, eta batez ere, eguzkitik babesteko kremak egiten ditu. Baina ez da alga gorriaz baliatuz kosmetikako produktuak egiten dituen Ipar Euskal Herriko enpresa bakarra. Iturri 2015ean sortu zen, eta azala zaintzeko kremak eta olioak egiten ditu.
Alga bilketa lehorrean
Ofizialki irailaren 15ean hasi eta maiatzaren 31n amaitzen da alga-biltze sasoia, baina eguraldia eta itsasoa dira agintzen dutenak. Denis Artolak, Donibane Lohizuneko gorbel biltzaileak, esate baterako, aurtengo denboraldia amaitutzat jo du, «ez dirudi aurrerantzean alga asko izango denik», dio, «baina ontziek jarraituko» dutela uste du.
Artolatarrak 90eko hamarkadan hasi ziren algak biltzen. Hasieran ez zuten beste ezer egiten, baina beranduago, alga kopuruak behera egin zuen eta 2000. urtean, Donibane Lohizuneko hondartza garbitzen hasi ziren. Gaur egun, hondakin bilketa, sailkapena eta birziklatzea da haien eginbehar nagusia, berak dioen moduan, «urte osoko lana baita, eta aldiz, alga bilketa udazkeneko sasoira mugatzen da».
Algak jaso ahal izateko enpresek azterketa zorrotzak pasatu behar dituztela aitortzen du Artolak: «Baimena eskatu ostean, DAM [Direction des Affaires Maritimes] delakoari dagokio baldintza guztiak betetzen dituzun esatea, baina azken hitza udaletxeek dute, haiek baitira beren hondartzetan algak nork bil ditzakeen esateko eskumena dutenak».
«Egun, lau enpresa aritzen gara lehorren algak biltzen, lehen baino pare bat gutxiago», argitu digu Artolak. Zokoa eta Biarritz arteko hondartzetan egiten dute bilketa eta saiatzen dira ingurumena zaintzen, bere hitzetan, «itsasoak berak botatako algak jasotzen ez da ingurugiroan eragiten».
Araurik ez zegoen garaia ere oroitzen du: «Urpekariak algak indarrez erauzten zituzten, baina alga biltzaileon artean hitz egin ostean, algak haitzetatik erauztea debekatzeko eskatu genuen». Eta lortu zuten.
Itsasoan zein lehorrean, alga bera hartzen dute, baina ontzietatik zuzenean joaten dira enpresetara eta lurrean jasotzen dutenek ostera, algak garbitu, sailkatu eta lehortzen uzten dituzte, horrela, «kalitate hobea lortzen da eta prezio altuagoa negoziatu» daitekeela esplikatu digu gorbel jasotzaileak.
Alga bilketa itsasoan
Garai batean, hogei ontzi baino gehiago aritzen zen alga biltzen Lapurdin, baina duela bi urte ontzi kopurua mugatzea erabaki zen, eta ordutik dozena bat ontziri ematen die baimena lizentziak banatzeaz arduratzen den Ziburuko La Basquaise kooperatibak.
Arrantzale ontziak dira algak biltzen aritzen direnak. “Itsas Belharra” ontziko nagusia den Clavier jaunak gogoan du «arrainik ez zegoenez, ordezko zerbait» egin behar zuela. Horrela hasi zen 1995. urtean algak biltzen, baina ordurako «Donostia inguruan gorbel bilketa aspalditik egiten» zela aitortzen du. Gaur egun, kopuruak behera egin duen arren «arrantzan baino gehiago irabazten» du alga biltzen, zeren «legatza harrapatzeko lau egunetan egiten den lanaren emaitza bera, egun bakar batean lortzen da».
Alga kiloa 23 zentimoan zegoen 2011. urtean. Bi urte beranduago, 37 zentimora igo zen kiloa. Iaz, 60 zentimotan zegoen, eta aurtengo sasoirako, berriz igo zuten, egun kiloa 90 zentimoan dagoelarik. Urtean, batez beste 15.000 eta 22.000 tona artean biltzen dira, beraz oraindik diru asko mugitzen duen sektorea dela esan daiteke.
Hiru denboralditan alga gorriaren prezioa hirukoiztu egin da eta horrek algaren industriara jende berria erakarri du, baina Clavierrek gainbeheran dagoen sektore bat dela uste du eta kutsadurari egozten dio errua: «Gero eta jende gehiago bizi da kostaldean, poluzio maila handiagoa da, badira garbitzaileek araztu ezin dituzten produktu kimikoak, eta horrela, pixkanaka alga gorria desagertzen joango da».