Jon LEUNDA
PILOTA

Ducassouk iaz galdu zuen txapela berreskuratu du

Faboritoa nagusi izan zen beti, nahiz eta ez zuen neurketa handia egin.

DUCASSOU 40

OSPITAL 27


Ez zen ezusterik izan atzo Baionako Modernen, eta Battitta Ducassouk jantzi zuen txapela, horrela iaz galdu zuena berreskuratuz, nahiz eta partida handia ez zuen egin. Agian Ducassouk Txapelketako neurketarik kaskarrena egin zuen atzo, baina txapela buruan zuela joan zen etxera.

Finala bera ez zen ona izan, bietako inork ez zuen eman eman zezakeen guztia. Biak urduri aritu ziren, askotan oso lotuta ikusten ziren, eta horrek galarazi zien dutena ematea, baina finalak horrelakoak dira.

Lehen kintzeetan izan zen emozioa, seinako berdinketara arte. Hortik aurrera, Ducassouk ihes egin zuen markagailuan. Tantoak oso landuak izan ziren, lan asko egin behar izan zuten bat finitzerako, baina ez partida gogortu zutelako, baizik eta ez zutelako finitzen asmatzen.

30-20koarekin finala erabakita zegoela ematen zuen, baina aurreko partidetan ikusi zen Ospitalek ez zuela etsitzen, eta gai zela horrelako aldeak iraultzeko. Baina atzokoan ez. Ducassou urduri zebilen, eta bera oraindik eta gehiago, eta amaieran Ducassouk nahiko eroso lortu zuen garaipena, hori bai, finalerdietako ligaxkan baino gehiago kostatu zitzaion atzokoan Ospital menderatzea, nahiz eta helburua lortu.

Ducassou hobea izan zen, baina orain arteko partidekin alderatuta, oso urruti ibili zen. Sakearekin oso ongi aritu zen, baina hortik aurrera asko kostatu zitzaion. Baita Ospitali ere. Honek ere izan zuen une askotan Ducassou mendean hartzeko aukera, baina inoiz ez zuen asmatu. Atzokoa trinketeko esku pilota profesionaleko finalik handiena zen, eta hori pilotariei ere nabaritu zitzaien. Biak ere oso gazteak dira, 25 eta 23 urte, eta agian eskarmentu hori ere falta zuten, batez ere Ospitalek.

Oso gustura

Amaieran Ducassou oso gustura zegoen lortutakoarekin. «Txapela lortzea gauza handia da, baina sufritu behar izan dut horretarako. Ospitalek asko jokatzen du, eta gauzak oso zailak jarri dizkit hasieratik», esan zuen txapeldunak.

Ospitalek, berriz, ez zion porrotari inongo aitzakiarik jarri. «Bera ni baino hobea izan da, eta ez dago aitzakiarik. Nik ez dut nire jokoa egin, ez dut asmatu. Urduri ibili naiz, libratu ezinik, eta zaila da horrela mailarik onena ematea», esan zuen atzoko galtzaileak.