Etxegaraik irabazi du Bigarren Mailako txapela
Etxegaraik irabazi zuen atzo Bigarren Mailako txapela Donibane Garaziko Garat trinketean, finalean Elgarti 40 eta 21 irabazi ostean. Hasieran dirua parean atera zen, baina gero alde handia egon zen bien artean.
Elgart ongi hasi zen, markagailuan bi aldiz aurreratuz, baina gero, behin Etxegaraik horri buelta eman zionean, aise eraman zuen norgehiagoka txapela jantzi zuen pilotariak. Istant batean 17-7ko partziala sartu zuen, eta gero hori iraultzea oso zaila jarri zitzaion Elgarti, eta zailagoa, aurkaria baino gutxiago izan baitzen. Amaieran, Etxegaraik hasieran uste zena baino askoz ere garaipen errazagoa lortu zuen.
Etxegarai oso ongi aritu zen. Sakearekin asmatu zuen, eta leku guztietan menderatu zuen aurkaria. Elgart, aldiz, alderantziz ibili zen. Irabazten hasi arren, aurkariaren menpe geratu zen ia hasieratik, eta oso zaila da horrela garaipenerako aukerak izatea.
Finalak 52 minutuko iraupena izan zuen. Saketik, 8 kintze egin zituen Etxegaraik, eta 3 besterik ez Elgartek. Jokoan, Etxegaraik 25 kintze egin zituen, eta 4 galdu. Elgartek, berriz, jokoan 14 kintze egin zituen, eta galdu, aldiz 7. Markagailua honela mugitu zen: 0-2, 2-2, 3-3, 15-5, 22-10, 30-15, 38-19 eta 40-21.
Honekin amaitu da aurtengo Buruz Buruko Txapelketa, eta laster Binakakoari emango diote hasiera. Printzipioz, ostegunean ezagutaraziko dituzte parte hartuko duten bikoteen izenak, eta azken orduko ezusterik ez bada, behintzat, hemen ere bi maila izango dira. Itxura guztien arabera, Harizmendik ezin izango du lehian parte hartu, izan ere, min hartuta jarraitzen du.