Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Espainiako Erresuma, ezinezko demokrazia

Globalizazioaren eraginez, akaso, ustelkeria dela-eta zigortutako morroi bati Suitzan bizitzeko eskubidea bermatu diote, polizia-babesaz, gainera! Ene herriko Fer gaixoak urtebeteko zigorra bete behar izan zuen, azken egunera arte, garaiotako «gangster» hauei zigorgabe gelditzeko ateak irekitzen dizkietelarik. Hitzik ez omen duen espainiar ereserkiari Al Caponeren omenezko kopla batzuk jartzeak ongi adieraziko lituzke espainiar erresumaren oinarriak.

Rato eta beste batzuk gogor zigortuko dituztela sinetsarazi nahi digute, baina ez dugu ahantzi zer egin duen estatuak GALeko asesinoekin, torturatzaileekin eta oro har ustelkeriaren kakan ibilitakoekin. Estatuak bereak babesten ditu, bereak direlako.

Errepresioa eta ustelkeria ez dira salbuespenak, ez anomaliak, espainiar erresumaren oinarriak baizik. Ez da esentzia kontua, historia da. Hala egin da Espainia, halako eredua nagusitzen da Espainian eta espainiar nazionalismoak estatu mailako alternatiba blokeatzen du, espainiar nazionalismo horren menpe ez baitago ezer aldatzerik.

Demokraziaren bidea itxita dago Espainian. Elite autoritarioen nagusitasunak blokeatzen du eta ez da inon atzematen hori gainditzeko estrategiarik. Podemos PCE-IUren bertsio berria bilakatzen ari dela esatea sobera sinplista izan daiteke, baina nik ez dut haiengan gaur egun eskema horiek gailentzen dituen eredurik ikusten. Ezin dut atzendu, bestetik, mezu sutsuak zabaltzen zituela Carrillok Borboiaren eta erreformaren kontra eta haustura aldarrikatuz, ezkutuan frankistekin negoziatzen zuen bitartean, erreforma onartzeko erabakia hartuta. Kasu erradikalizazio formalez, beraz, agerikoak besterik estaltzen ahal duelako!

Zer egin? Leninen galdera dugu gure aurrean, 1917ko iraultzatik ehun urte betetzen direlarik. Argi dagoena da espainiar iraultzarik ez dela zerumugan atzematen. Hobe geurea egitea, hobe geure burujabetze eta eraldatze bidea egitea.