GARA
QUITO

Inkestek ez dute argitzen nork irabaziko duen Ekuadorreko bigarren itzulian

Inkesta batek Guillermo Lasso hautagai kontserbadorearen garaipena iragarri du apirilaren 2an egingo den hauteskunde presidentzialetako bigarren itzulirako (%52,1 %47,9ren aurka), beste batek Lenin Moreno ezkertiarraren garaipena iragartzen duen bitartean (%59 Alianza Pais koalizioko hautagaiak eta %41 eskuindarrak).

Cedatos etxeak egindako ikerketak aipatzen du eskuindarraren garaipena. Lan horren arabera, boto-emaileen %19k oraindik ez dute erabaki botoa nori eman. 2.861 laguni egin diete galdeketa, joan den ostegunean eta ostiralean.

CIS Ikerketa Sozialerako Zentroak egin duen inkestak, berriz, Morenok irabaziko duela esaten du. Hilaren 22tik 24ra egindako 2.500 elkarrizketetan oinarritutako ikerketa da. Horren arabera, boto zurien eta baliogabeen kopurua ia ez da aldatu herrialdean egin ziren azken hauteskundeez geroztik.

Lenin Moreno presidente bihurtzetik oso gertu egon zen lehenengo itzulian, aurkariak baino 1.063.940 boto gehiago jaso baitzituen, botoa eman zutenen %39,36. Beste 60.000 boto bildu izan balitu, hau da, %40ko marka gaindituz gero, bera izango zen Ekuadorreko presidente berria, bigarren postuan geratu zen Lassok botoen %28,09 bildu baitzituen, hau da, %10etik gorako aldea ezkertiarraren alde, atzo bertan Hauteskunde Kontseilu Nazionalak banatu zituen datuen arabera. Hirugarren lekua izan zen Cynthia Vitero hautagai soziokristauarentzat, botoen %16,32rekin.