Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Ossau-Irati ardi gaztaren jatorri-deituraren arauak egokitu dituzte

Urteak dira, zehazki 37, Ossau-Irati ardi gaztaren jatorri-izendapena sortu zela. Geroztik hainbat egokitzapen izan dira arautegian, azkenak, oraintsu. Hala, uda sasoian mendian egindako gaztak, formatu gehiagotakoak eta eremu zabalagokoak onartuko ditu labelak.

Ossau-Irati Jatorri Izendapen Babestuaren (AOP frantsesez) elkargoak hala eskatuta, Europar Batzordeko Aldizkari Ofizialak otsailaren 16an argitaratu ditu izendapena lortzeko arautegian egindako egokitzapenak.

Nagusiki hiru aldaketa ekarriko dituzte moldaketok. Batetik, Ossau-Iratiko eremuaren azalera bera zabaltzea, Biarnoko Pont Long izeneko eskualdea ere barnean hartuko baitu. Mendeetan 600 hektareako lur sailok azienda eta artaldeentzako zekaleak eta belar ondua ekoizteko erabili izan dira. Aurrerantzean jatorri-deitura horretako artzain eta gaztagileek bazka hori baliatu ahal izango dute. Era horretan, aspalditik Ossau Garaiko artalde txikiko zein mendiko artzainen eta inguruko abeltzainen hornitzaile izan den Elkargoari ate berriak zabaldu zaizkio. Horrez gain, bertako askorentzat beren eskualdeko deitura zeraman produktuetatik at utzi izanak eragindako bidegabekeria konponduko da behingoz.

Zigilu berezia

Bigarrenik, arau berriei esker, uda sasoian mendian egindako gaztek ere Ossau-Irati izendapena eraman dezakete orain, betiere ekoizpen baldintzak beteta. Gaztok identifikatzaile gehigarri bat eramango dute, (triangelu formako mendia, edelweiss lore batekin barnean) azalean zigilatuta eta «mendian egina» azalpena etiketan. Horrela bermatuko da gazta esne gordinarekin, uda-sasoian mendian dabiltzan ardiak jetzita, eta gehienez ere bildu eta 24 ordura fabrikatua dela. Hau da, produkzioa, bilketa eta fabrikazioa leku berean –artzainaren etxolan– eta neguko eremutik aparte egin dela egiaztatzeko balioko du identifikatzaile bereziak.

Azken nobedade aipagarriena produktuei dagokie. Izan ere, orain arte Ossau-Irati izendapeneko gazta osorik edo zatika saltzen zen. Aurrerantzean, beste formetan ere saldu ahal izango dira, esaterako xerretan, zotzetan, txirbiletan edo birrinduta. Alta, izendapenaren barnean gazta txikiagoak (1,5 kilo baino gutxiago) egiteko aukera beste baterako geratu da, INAOk (jatorriaren eta kalitatearen kudeaketaz arduratzen den institutua) ez baitu formatu hori onartu.

Aukerak zabaldu

Produktu berriokin kontsumitzaile berriengana iritsiko diren uste osoa dute ekoizleek. Peio Etxeleku izendapenaren elkargoko administratzailearen esanetan, aspaldi ari zaizkie produktu berriak eskatzen, adibidez pizzak egiteko edo sukaldean birrindua erabiltzeko. «Lehen, batez ere, postre moduan jaten zen, baina orain gero eta gehiago kontsumitzen da aperitifa gisa edota platerak prestatzeko osagai gisa. Kontsumitzeko era berrietara egokitu beharra dago», adierazi du.