Jon LEUNDA
PILOTA

Faborito guztiek garaipen errazekin ekin diote Berezkoen Binakakoari

Larraldek eta Bilbaok, Waltarik eta Gixandutek, eta Ospitalek eta Ducassouk hasierako partidatik erakutsi dute txapela lortzeko hautagaiak zeintzuk diren.

Hasi da Berezkoen Binakako Txapelketa, eta lehen jardunaldia amaitu ere bai, inongo ezusterik gabe. Horrez gain, zaleen ondoeza ere oso nabarmena izan da, izan ere, bi bikote agertzen dira beste guztien gainetik. Oso zale gutxik ulertu dute Buruz Buruko bi finalistek, Ospitalek eta Ducassouk, eta finalerdietara iritsi ziren Larraldek eta Bilbaok elkarrekin bikoteak osatzea, gainerakoekiko alde handia geratu baita horrela, eta hori harmailetan ere nabaritu da, eta nabarituko da.

Herenegun ilunabarrean abiatu zen lehiaketa eta Arrangoitzen jokatu ziren aurreneko bi partidak. Lehenengoan, Larraldek eta Bilbaok 40 eta 24 hartu zituzten mendean Bielle eta Ximun Lanbert.

Markagailuak dena erakusten du. Faboritoak nagusi izan ziren, eta aurkariek hasieran apur bat eutsi baldin bazieten ere, denbora kontua izan zen, aurrean Larraldek ezberdintasun handiak markatzen baititu, eta atzean Bilbao nagusi izan baiten. Azkenean, Biellek eta Lanbertek zenbat kintze egingo zituzten jakitea bakarrik geratu zen, eta 24an geratu ziren. Itxura ona eman zuten irabazleek.

Bigarren partida orekatuagoa izan zen, baina hor ere faboritoek ez zuten hutsik egin, eta Waltarik eta Gixandutek 40 eta 28 hartu zituzten mendean Intxauspe eta Amulet. Waltari ez da lehengoa, urteak eta izan dituen lesioek ez dute barkatzen, baina amerikarrak oraindik ere kalitate hori badauka, eta gai da min egiteko. Atzean, gainera, Gixandut gaztea dauka, eta bera ere oso indartsu dator. Horrek segurtasuna ematen dio Waltariri, eta kontuan hartu beharreko bikotea direla erakutsi zuten.

Oreka gutxi

Atzo amaitu zen lehendabiziko jardunaldia Mauleko trinketean. Bertan, Ospitalek eta Ducassouk ez zuten izan inolako eragozpenik Etxegarairi eta Lazkanori 40 eta 20 irabazteko. Faboritoek hastapenetik bertatik hartu zuten aurrea markagailuan. Hala, Buruz Buruko bi finalistek une oro utzi zuten argi alde handia zegoela kantxan eta aurkariak baino askoz ere gehiago zirela.

Partidak emozio oso gutxi izan zuen, eta amaieran Etxegaraik eta Lazkanok zenbat kintze egingo zituzten jakitea bakarrik izan zen jokoan Maulen ere; azkenean, aurkarien erdiekin konformatu ziren. Ospitalek aurrean erraz jokatu zuen, eta atzean Ducassouk alde handia kentzen dio Bixente Lazkanori; amaierako aldea horren isla izan zen.

Datozen urteetarako agian bikoteak beste era batera egin beharko dituzte. Aurtengoa oso luzea egingo den itxura dauka lehen jardunaldiko hiru norgehiagokak ikusi eta gero.