Gotzon Iparragirre
Ibon Iparragirreren anaia
KOLABORAZIOA

Berandu baino lehen, Ibon etxera

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu egun hauetan zehar doluminak eman eta elkartasuna erakutsi diguzuen guztioi, eta bereziki ostiralean Iboni animoak ematera hurbildu zinetenoi.

Ibon asteazken arratsaldean atera zuten Alcala-Mecotik, eta egun berean Euskal Herrirantz ekarri beharrean, Valdemorora eraman zuten. Bertan bi gau pasatu ondoren, ostiralean bertan ekarri zuten Ondarroarantz, Zaballan gauzak utzi ostean. Hori herenegun berak kontatuta dakigu, bi egunetan zehar ez baitu gurekin kontaktuan jartzeko inolako aukerarik izan. Zekartela ere, zeharka jakin genuen, Zaballako kartzelako arduradun batek Ondarroako zaharren egoitzara deitu baitzuen, Ibon bertara zeramatela abisatuz.

Ibon Euskal Herrian dago berriz. Aitari azken agurra ematera ekarri zuten, berehala Alcala-Mecora bueltan eramateko asmoz. Baina, aitaren heriotza epe oso laburrean gertatu behar zela zioten agiriak aintzat hartuz, bere egonaldia luzatzea onartu zuen Castro epaileak. Zentzu horretan, eskertzekoak dira ere azken orduko gestio horiek bideratzen lagundu ziguten Julen Arzuaga parlamentariaren eta Rafa Sainz de Rozas arartekoaren bigarrenaren esku hartzeak.

Ibonek bere osasun egoeraren azterketa orokorra egitea eskatu du, eta astelehenean –martxoak 6– hitzordua dauka Txagorritxun. Abenduaren 20an egin zizkioten odol analisien arabera, 66 defentsa ditu eta 144.000ko karga birala. 2011ko urrian Basauriko kartzelan konorterik gabe erori zenean 51 defentsa zituen eta 243.000ko karga birala. Beraz, muga-mugan dago, eta guretzat katarro edo gripe bat izan daitekeena, pneumonia bihurtu daiteke Ibonentzat, heriotza eraginez oso epe laburrean, beste edozein infekzio oportunistak bezalaxe. Castro epaileak berak, 1-5 urte arteko bizi itxaropena zuela onartzen zuen 2015eko uztailean emandako sententzia batean; urte eta erdi igaro da jada.

Horrez gain, jakina da burmuineko atal batzuk nekrosatuta dituela, nerbio optikoa, esaterako. Hori dela eta ikusmena oso-oso mugatuta dauka; ezin jakin zein punturaino, ganorazko probak egin arte. Optometrista batek aztertu behar du, ez okulista batek, Alcala-Mecoko arduradun medikua ohartzen ez bada ere.

Ibonen osasun egoera oso kritikoa da, eta funtsezkoa da azterketa orokor bat egitea, beharrezkoak diren proba guztiekin. 2015eko urrian ekarri zutenean –2014ko apirilean Basauriko espetxean jasan zuen eraso eta salaketa faltsu bati aurre egitera– Txagorritxuko neurologo batengana eraman zuten, baina, Ibon eskoltatzen zuten ertzainek berriz Alcalarantz eramateko agindua zeukatela esan ziotenez, honek gainazaleko azterketa bat egin zion, inolako proba gehigarririk eskatu gabe. Idatzi honen helburu nagusia gauza bera ez gertatzea da. Ibonek, bere osasun egoeraren inguruan diagnostiko zehatz eta artatze jarraitua edukitzeko eskubidea dauka, edozein gaixok bezala, are gehiago, pairatzen duen gaixotasuna C-3 estadioan dagoenean, hau da, sendaezina eta degeneratiboa denean.

Une honetan, eskubide hori bermatzea Osakidetzaren ardura da, eta, zentzu horretan, Darpon jaunak zuzentzen duen Osasun Sailaren esku hartze aktiboa eskatzen dugu, Ibonek beste edozein gaixok jasoko lukeen tratamendu bera jaso dezan, berriz ere dispertsatua izango den ala ez kontuan hartu gabe. Etxe kartzela erregimenean zegoela, sei hilabetero egiten zizkioten erresonantziak, matematikoki. Alcala-Mecon dagoenetik soilik bi egin dizkiote: bata 2015eko uztailean eta azkena 2016ko maiatzean. Berez, epe horretan sei egin behar zizkioten. Eta erresonantzia ez badiote orain egiten, auskalo noiz egingo dioten hurrengoa, eta zein egoeratan.

Orain dela urtebete pasatxo, 00:40ean joan zitzaizkion funtzionarioak ziegara, erresonantzia magnetikoa egin behar ziotela eta, ospitalera eramateko. Baldintza horietan joateari uko egin zion, trasladoak bereziki gogorrak badira (aurreko batean gainontzeko presoak eskuburdinak aurrean lotuta eraman zituzten, eta bera bakarrik eskuburdinekin atzean), gauez egiten badira, eta zu zeu bakarrik eramanez, oso arriskutsuak bihurtu ahal direlako, zentzu guztietan.

Ez dago inolako premiarik gaixo bat horrela zigortzeko. Zeren, pentsa dezagun, aske izanda oso gogorra bada gaixotasun sendaezin bati aurre egitea, zer izan behar den larriki gaixo eta preso egotea. Pentsa dezagun: hiesari, minbiziari, esklerosiari eta era honetako gaixotasunei aurre egiteko, gaixoek elkarte bereziak sortu beharra izan dutela jakinda, zer izan behar den gaixotasun horietako bat pairatzea eta bakarrik egotea, testuinguru erasokor batean eta inolako jarraipen medikurik gabe! Tortura mota bat da, giza-eskubideen alde lan egiten duten nazioarteko erakunde batzuek onartu duten bezalaxe.

Bukatzeko, Bizkaiko Diputazioaren zerbitzuek %75eko minusbaliotasuna diagnostikatu zioten Iboni 2013an. 2016ko urtarrilean kontzeptu horretan bere alabarentzat bideratzen zen diru laguntza eten egin zuen Diputazioak, Ibon 2015eko azterketara ez zelako aurkeztu. Nola aurkeztuko zen, Madrilen preso zeukaten eta! Oraintxe da une aproposa Ibonek daukan minusbaliotasuna berriz neurtzeko, eta Josu Unanue junteroari eta Bizkaiko Diputazioko arloko diputatuari hasitako gestioa eskertuz, gaiaren jarraipena egitea eskatzen diegu eta eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzea, minusbaliotasuna onartuta daukan beste edozein bizkaitarrenak bezala, Ibonen eta bere alabaren eskubideak ere bermatzeko. Berandu baino lehen, Ibon eta larriki gaixo dauden preso guztiak, etxera!