Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Osasun zerbitzuen publikotasunaren defentsan, protestak EAEn eta Baionan

Erietxe nagusien atariak osasungintzako langileen mobilizazioen gune bilakatu ziren atzo, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin. Ñabardurak ñabardura, eskakizun bera zuten sindikatuek denetan: osasun zerbitzuak ez pribatizatzea eta publikotasuna zaintzea.

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, bertako langileek mobilizazioak egin zituzten atzo, Txagorritxu, Donostia, Mendaro, Zumarraga, Basurto, Gurutzeta eta Santa Marina erietxeetan murrizketak eta osasungintza zerbitzuen pribatizazioa salatzeko.

Jokamolde horren adibidetzat, azken hiru urteotan Garbialdik, IMQ Zorrozaurrek edota Mapfrek izan dituzten irabaziak jakinarazi zituzten. Enpresa horiek «gizartearen osasun arretaren eta langileen lan baldintzen kaltetan negozioa» egiten ari direla eta, bitartean, osasun publikoa «narriatzen» dutela leporatu zioten Osakidetzari.

Are, sindikatuei eta herritarrei pribatizaziorik ez duela egingo agindu dien arren, beste batzuk prestatzen –Lezako garbiketa zerbitzua, esaterako– ari dela gaineratu zuten.

EAEko aurrekontuak

Lakuako gobernuak aurrekontu proiektua aurkeztu berri duen honetan, Osakidetzak «enpresa pribatuei bideratutako 350 milioi euro berrikusteko» une egokia dela uste dute sindikatuok.

«Osasun arreta eta lanpostu publikoak suntsitzen» ez dietela utziko adierazita, mobilizazio gehiago iragarri zituzten martxoaren 21erako Lezako ospitalean eta apirilaren 4an EAEko osasun ordezkaritzen aurrean goizeko 11.00etan.

Antzeko eskakizunekin baina beren errealitatera egokituta, osasun arloko langileak mobilizatu ziren Baionako erietxean lanuzteak eta elkarretaratzeak eginez. CGTk erietxeetako eta gizarte zerbitzuetako langileek jasaten duten baliabideen murrizketak deitoratu zituzten Lapurdiko hiriburuko ospitalearen aitzinean.

Kanboko Leon-Dieudonne osasun zentroko langileak ere, greban izan ziren ordubetez. FO sindikatuak jakinarazi zuen, besteak beste, «langileak ez ordezkatzea eta ordutegi aldaketak» salatzea zutela helburu.

Bestalde, zerbitzu publikoaren defentsan haurtzaindegi, jangela eta eskolaldi inguruko aktibitateetako langileek ere lanuzteak egin zituzten, batez ere, Baionako ikastetxeetan.