A.A.
TIRRENO

BMCren erakustaldia bere oilarrak sailkapenean ederki kokatzeko

BMC Racing Team jaun eta jabe izan zen 2017ko Tirrenori hasiera eman zion 22 kilometroko taldekako erlojupekoan. Azken urteetan erakutsi duten gaitasunari jarraiki eta eguraldi bikainarekin, talde estatubatuarrak hegan egin zuen Lido di Camaiore inguruko errepideetan, 58,3 kilometro orduko batez besteko abiadura sinatuz eta ibilbidea 23 minutu eta 20 segundoan betez.

Sailkapen nagusiari begira, eguneko beste saria Damiano Caruso italiarrarentzat izan zen, berak izan baitzuen liderrari dagokion lehen maillot urdina janzteko ohorea. Baina, seguru asko, taldearentzat garrantzitsuagoa dena, itzulia irabazteko borrokan bikain kokatuta gelditu dira bere oilar nagusiak, Rohan Denis eta Tejay Van Garderen, batez ere.

Izan ere, mota honetako etapetan gertatu ohi denez, aldeak oso handiak izan ziren, handiegiak, akaso, itzuliaren ikusgarritasunari eutsi ahal izateko. Quick Step izan zen bigarren helmugan eta 17 segundora geratu da bere liderra, Bob Jungels gaztea. Hirugarren FDJk amaitu zuen, 21 segundora, eta, hain zuzen ere, Thibaut Pinot eskalatzaile frantsesa izan zen eguneko beste “irabazleetako” bat.

Laugarren amaitu zuen, denbora galera berarekin, Nairo Quintanaren Movistarrek. Kolonbiarrak lehen kolpea jo zuen Tirreno berriz irabazteko helburu horretan, eta aparteko laguntza eskaini zion Jonathan Castroviejo bizkaitarrak, berriz ere erlojuaren kontra dituen dohain apartak mahai gainean ipiniz.

Mikel Landa, oso atzean

Txanponaren beste aldean Sky taldea dago. Ingelesek 18. amaitu zuten minutu eta 42 segundoko galerarekin, eta Mikel Landari oso zail jarri zaio sailkapen nagusiko borroka. Denbora gutxixeago galdu arren, lasterketari atzerapenarekin ekingo dioten izen batzuk honakoak dira: Rigoberto Uran (1.17ra), Rafal Majka (1.10era), Rui Costa (1.08ra), Domenico Pozzovivo (59ra), Bauke Mollema (57ra) eta Tom Dumoulin (55era).