Jon ORMAZABAL
PILOTA

Hamalau aste luze pasatu eta «berriro zerotik hasi» behar

Danel Elezkanok osatua du ezker eskua eta igandean «txapelketako bikoterikindartsu eta erregulerrarenaren» aurka jokatzeko prest izango dela uste du.

Adinagatik, zaila izango da atzo Astelenan bildu ziren lau pilotariek Piztiak talde ondarroarrak 1999an ateratako diskotzarra ezagutzea, –lauretan zaharrena den Zabaletak zortzi urte zituen–, baina lanari izena eman zion estribilloa izan zen lauren ahotan behin eta berriro entzun behar izan genuen leloa; «berriro zerotik hasi». Izan ere, azken asteak kalkuluak egiten pasatu ostean, bizirik jarraitzen duten lau bikoteei «bide berriak ireki» beharra dagokie datorren hiru asteetan, finalean egon nahi izanez gero, behintzat.

Hori bai, igandeko katedraleko hitzorduaren aurretik egindako ibilbidea oso desberdina izan da Irribarria-Rezusta ia garaiezinentzat eta azken orduan sailkatu ziren Elezkano-Zabaletarentzat. Inoizko Binakako txapelketarik orekatuenean, bikote gipuzkoarra izan da arrastotik irten den bakarra. Duela aste batzuk lortu zuen sailkapena eta azken jardunaldietan gauzak lasaiago hartzeko modua izan dute bi ezkerrek. «Ez dut uste tentsioa berreskuratzea arazoa izango denik, hobe horrela ibiltzea azken unera arte tentsioan egotea baino. Entrenatu eta ondo prestatzeko aukera izan dugu, serio entrenatu eta jokatzen jarraitu dugu eta alde horretatik ez dugu arazorik izango», azaldu zuen sasoi bikainean den Beñat Rezustak.

Bikotean bietako inork ez du arazo fisikorik izan azken hiru hilabeteetan eta bere kasuan, gainera, aspaldi ez du eskuko minik izan. «Justu aurrekoan egon nintzen begira eta suspenditu nuen azken partida orain urte eta erdi izango zen, saiatzen naiz, batez ere ezkerra ondo zaintzen», azaldu zuen orain arteko txapelketako atzelaririk erregularrenak.

Lehen ligaxkan egindako ibilbideak are eta faboritoagoak bihurtu ditu Aspeko gipuzkoarrak, baina Iker Irribarriak behin eta berriro errepikatu du «faborito izateak ez duela batere punturik ematen. Orain arte %100a ematen saiatu gara eta hemendik aurrera ere hala egin behar dugu, orain artekoak ez du-eta deus balio. Berdin du finalerdietara 12 punturekin sartu edo azken unean seirekin sartzea. Txapelketa berri bat hasten da eta apenas dago hutsik egiterik».

Elezkano, osatuta

Oso bestelakoa izan da Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaletaren ibilia. «Pozik gaude. Txapelketa luzea izan da eta une askotan zalantzak izan ditugu, baina finalerdietan gaude eta berriro dena hutsetik hasten da. Guk txapelketan partida onak eta txarrak egin ditugu, apur bat irregularrak izan gara eta arazo fisikoak ere izan ditugu, nik lesio bat ere bai, baina bikote bezala elkar ondo ulertzen badugu, gerra eman ahal dugu», azaldu zuen Zaratamokoak.

Azken partidan ez zuen jokatzerik izan Elezkanok ezkerreko mina zuelako, baina iganderako osaturik izango da. Asteazkenean proba bat egin zuen Lemoan eta atzo ere entrenamendua burutu zuen Eibarren.

Bere atzelari Zabaletaren hitzetan, «hamalau partidetan gehiago izan dira txarrak onak baino, baina onak ere izan dira eta ea finalerdietan onak gehiago diren». Etxarrengoak ez du irregulartasun horren arrazoirik topatzen; «izango banu konponduta legoke», baina onartu du orpazurdatik operatu behar izan zuenetik gehiago kostatzen ari zaiola erregulartasuna lortzea.

Atzean bi jotzaile handi lehiatuko dira igandean Eibarren eta biak bat etorri ziren piloteoan dominatzen hastea oso garrantzitsua izango dela.

Gipuzkoarrak, indartsu Euskal Ligan

Azkenaldian profesionaletan gertatzen ari den pilotari gipuzkoarren ugaritzea kasualitatea ez dela erakusten dute asteburuan jokatuko diren Euskal Ligako finalek. Horren erakusle da, esaterako, gaur arratsaldean Lakuan –Gasteizen– jokatuko den Ohorezko Mailako finalean lehiatuko diren bi taldeak, Usurbilgo Pagazpe –egungo txapelduna– eta Azpeitiko Ilunpe, bertakoak izatea.

Ez dira bakarrak, eta nabarmentzekoa da ere Amezketako Zazpi Iturrik egin duen txapelketa ikaragarria. Xalton Zabalarenek bost talde jarri dituzte jokoan eta lau final jokatuko dituzte. Are gehiago, txapel bat ziurtatuta dute, 22 urtez azpiko finala Amezketako klubeko bi taldek jokatuko baitute.

Denera 25 final izango dira asteburuan. Eskuzko gehienak Araban, Laudion, Gasteizen, Amurrion eta Mungian; zestakoak, Markina eta Zumaian; eta erremintakoak, Etxarri, Adurtza, Sopela, Armintza eta Galdakaon.J.O.