J.L.
sokatira

Goma Gaineko lehiaketako bi talde txapeldun ezagutuko dira Laukizen

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa amaierara heltzen ari da, eta gaur beste bi txapeldun ezagutuko dira. Alde batetik nesken 375eko hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta bestetik, berriz, gizonezkoen 560ko saioa. Hau jardunaldi bakarrera jokatuko da, eta hortaz txapela gaur bertan erabakiko da. Jaialdia Laukizko pilotalekuan jokatuko da, 17.00etan hasita.

Neskak bi jardunaldi jokatuta datoz saio honetara, eta bietan Gaztedi izan da garaile. Ondorioz, bizkaitarrek txapela eskuetatik oso gertu dutela ere esan daiteke, gaurkoan ezuste handiren bat pasatzen ez bada. Une honetan bi puntu ateratzen dizkio Ibarrari, eta gaur berak ez irabazteko gorabehera handiak gertatu beharko lirateke; orain artekoa ikusita, ez dirudi ezuste handirik izango denik. Hala ere, Ibarra izan daiteke bere aurkari handiena, orain arteko saioetan bezala. Txantrea, Goiherri eta Berriozar ere arituko dira.

Mutilak 560ko mailan arituko dira eta jardunaldi bakarrera jokatuko da. Gaur bertan jakingo da zein den txapelduna. Sei talde arituko dira lanean: Berriozar, Beti Gazte, Txantrea, Gaztedi, Murueta eta Sokarri. Hiru talde bizkaitar eta beste hiru nafar arituko dira nor baino nor.

Faboritoen artean Lesakako Beti Gazte agertuko da lehen postu horretan, baina Muruetarekin edo Sokarrirekin ere ahaztu gabe. Joan den astean 600ekoan txapela lortu zuen Ibarrako taldea ez da izango gaurkoan lanean. Saioa jardunaldi bakarrera jokatuko denez, edozer gerta daiteke. Pisu txikia egokia izaten da euskal taldeentzat eta denak saiatuko dira maila ona ematen.