Jon LEUNDA
Aizkora

Urteko lehen apustua prest 

Xabier Zaldua eta Luix Txapartegi bihar neurtuko dira, 12.00etatik aurrera, Azkoitiko pilotalekuan.

Xabier Zalduak eta Luix Txapartegik jokatuko dute urteko lehen aizkora apustua, eta horri jarraituz datorren asteburuan beste bi apustu jokatuko dira. Zumarragakoa eta Aizarnakoa bihar, 12.00etan, lehiatuko dira Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Aizkolari bakoitzak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta denak Txapartegik plazaratuko ditu. 12.000 euro egongo dira jokoan.

Desafioa Zalduak bota zuen; Zumarragakoak Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean aritu zirenei bota zien, baina horietako inor ez zen agertu; bai, ordea, Txapartegi, eta ondorioz berarekin egin zuen apustua.

«Hasieran pentsatu gabeko apustua egin genuen. Olasagastirekin ari nintzen bazkaritan Zalduak desafioa bota zuenean, eta orduan hasi ginen jokatzea pentsatzen. Hasieran ez zen niretzat, eta beraz ikusi behar genuen ea besteetako norbait joango zen, baina joan ez zirenez nik heldu nion», esan zuen Txapartegik.

Xabier Zaldua honela mintzatu zen: «Behin desafioa botata, berehala ohartu nintzen Bigarren Mailako finalistetako inor ez zela etorriko. Astean zehar entzuten dira kontuak, eta guztiek ez joateko joera agertu zuten. Nahikoa etsita joan nintzen bilerara. Hitzordua jarri nuen, eta joan beharra zegoen. Hala ere, Txapartegiren inguruan zenbait zurrumurru agertu ziren azken egunetan, eta etorri eta berehala egin genuen apustua. Ea orain biok ikuskizun polita ematen dugun», esan zuen Xabier Zalduak.

Enborrak Txapartegik eraman beharko ditu, eta Aizarnakoak horri bere alde onak eta txarrak aurkitzen dizkio. «Alde onak baditu, azken batean joan aurretik badakizulako nolako enborrak izango diren, eta badakizulako zein aizkora izango diren lanerako egokienak. Baina lan handia dauka enborrak topatzeak. Gaur egun ezin da nahi duzuna bota, eta horrek kezka ugari sortzen ditu», dio Luixek.

Berarekin ados dago Xabier. «Abantaila da berak badakiela nolako enborrak diren eta zein erreminta izan daitezkeen egokienak. Baina gaur egun enbor onak bilatzea zaila da, eta horrek lan handia ematen du. Gu enbor klase guztiekin prestatu gara eta horrek ez nau kezkatzen, eta bestetik lasaitasuna ematen du enborren bila ibili behar ez izateak», dio Zalduak.

Txapartegik ere garbi utzi du enborrak nolakoak izango diren:. «Lehen esan bezala, gaur egun gustuko egurra topatzea ez da erraza. Enbor eutsiak izango dira, baina ez dira trakets horietakoak».

Bi aizkolariei euren buruak ematen die kezkarik handiena, eta irabazteaz gain, etxeko lana egitea da helburu nagusia. Txapartegik hitzokin azaldu du: «Daukadan guztia eman eta besteak irabazten badit, ez dago ezer esateko, baina etxeko lana egin gabe galtzea izaten da penagarriena», aitortu du Zalduak. «Nire  buruak ematen dit kezkarik handiena. Astean zehar nabaritu dut gorputzean hau ez dela aste normala. Apustuek ez daukate txapelketekin zerikusirik. Etxean egiten dudana plazan ez egiteak pena handia emango lidake».

Ez batak ez besteak ez dauka zalantzarik aurkaria oso ongi prestatuta joango dela. Aizarnakoak: «Zaldua beti ongi prestatuta egoten da, ez daukat horren zalantzarik. Bera mendean hartzeko lan handia egin beharko dut». Zumarragakoak: «Txapartegi aizkolari bizkorra da. Urte asko egin ditu Lehen Mailan, eta finalak ere jokatu ditu. Lehen egindakoak berriro ere egiteko arrisku handia izaten du. Nik garbi daukat beraiek lana luzatzera etorriko direla, baina horrek ez nau kezkatzen. Guk lan luze asko egin ditugu, eta horretarako ere prest gaude».

Badirudi dirua pare samarrean egon daitekeela, nahiz eta Txapartegiren aldeko joera izan dezakeen. «Azkenean dirua nola jokatu bakoitzak ikusi behar du, baina niri behintzat nire alde ikusteak presioa handitu egiten dit», esan du Txapartegik. Zalduak, berriz, hau erantsi du: «Uste dut jokatu ditudan apusturik gehienetan dirua kontra izan dudala; beraz horrek ez nau kezkatzen, eta jendeak nola jokatzen duen ere ez. Azken batean, bakoitzak nahi duenari jokatzeko eskubidea dauka». Ikusmina ere piztu da, azkenean bi aizkolariak Azkoiti gertukoak baitira. Jende dezente hurbiltzea espero da, zaleek apustuak ikusteko gogoa daukate, eta nabari da.