Andoni ARABAOLAZA
JARDUERA

Patagoniako Guillaumet Orratzean euskal sinadura berria

Otsailaren 4an, Eneko eta Iker Pouk erpin horren ekialdeko aurpegian «¡Aupa 40!» bidea zabaldu zuten. 525 metro luze da, eta honako zailtasun teknikoak ditu: M7, 85º eta V+. Gasteiztarrek hamar ordu behar izan zituzten marra hori sortu ahal izateko.

Patagoniako aurreko berrian aipatu dugu talde belgikar batek Txileko Paineko Dorreetan jardun duela; bada, Argentinako Fitz Roy mendilerroan euskal sokada batek aukera izan du Guillaumet Orratzaren ekialdeko aurpegian bide berri bat zabaltzeko. Protagonistak Eneko eta Iker Pou izan dira, eta erpin horretan utzitako sinadurak “¡Aupa 40!” du izena.

Gasteiztarrek hilabete egin dute El Chaltenen. Esku artean hainbat xede zituzten, baina hango udan izaniko eguraldi makurrak helburua aldatzera behartu zituen.

Euskal sokadak dioenez, soilik egun bateko eguraldi ona izan dute, eta bera ondo aprobetxatu zuten Guillaumeten 525 metroko bide bat sortzeko. Zailtasun teknikoei dagokienez, aurreratu behar da sei luzetan biltzen direla: M7, 85° eta V+.

“¡Aupa 40!” borobildu ahal izateko, hamar orduko eskalada behar izan zuten. Eta joan-etorri guztirako 21 ordu. Zabaldu berri duten bideari buruz Pou anaiek zera adierazi dute: «Baldintzak kaskarrak ziren, eta, horren ondorioz, luze guztiak bat izan ezik kranpoiekin eskalatu ditugu. Arrokazko zatiak oso tenteak ziren eta hainbat tarte izotzarekin estalita zeuden. Beraz, luze horiek guztiak botekin eta kranpoiekin egin ditugu; hots, mistoko sekzio asko izan dira».

Aurreratu dugun bezala, eguraldi kaskarra tarteko, poutarrek Patagoniako egonaldia patxadaz behar izan zuten hartu. Leiho on txiki bat iragarri zietenean, Guillaumet Orratzera abiatu ziren. Eskalatzaileok onartu dutenez hurbilketa bidea ez zen batere erosoa izan: «Iragarpenek zioten eskaladaren bezperan, batez ere arratsaldean, eguraldiak hobera egingo zuela. Baina ez zen hala gertatu. Eguraldi txarrarekin hurbildu ginen, eta gure asmoa paretatik gertu bibaka egitea zen. Baina laino itxiak eta elurrak hormatik hiru ordura gaua pasatzera behartu gintuzten. Biharamunean, 07.00etan zerua garbitu zen eta haizea baretu. Beraz, eskalatzen hasi ginenean oso eguraldi ona geneukan. Aitortu behar dugu hotza pasatu genuela, bidea itzalean dagoelako; bederen, haizetik babestuta geunden. Gailurrera iritsi ginenean hodei batzuk azaldu ziren. Aldaketa zetorren. Hitz batean esanda, leiho on txiki horrekin asmatu genuen».

Guillaumeten aukera

Arestian aipatu dugu Patagonian egin duten bistarentzat protagonistok beste asmo bat zutela. Baina azkenean Guillaumeten jardun zuten: «Orratz horrek makina bat bide ditu, baina haren ekialdeko aurpegian sekzio handi bat ukitu gabe zegoen. Eta, jakina, guk zeozer zabaltzeko aukera ikusi genuen. Bide berri bat sortzeko ageriko tarte bat da, eta harritu gintuen oraindik handik inor pasatu ez izana».

Hamar orduko eskalada horretan, poutarrek izaera alpinoa duen bide bati ekin zioten: «Ez da marra super klasiko bat; guk igo genuen baldintzetan ez da erraza. Agian beste urte batean elur gutxiagorekin harrapatu eta askoz ere errazagoa izango da. Horrekin esan nahi dugu katu-oinekin eskalatzen baduzu klasiko erraza izan daitekeela. Baina, esan bezala, eskalatu dugun baldintzetan ‘¡Aupa 40!’-k teknikoki lan handia eskatu zigun; baita bi orduko esfortzua eskatu ere luzeren batek edo bestek. Luze horiek izotza zutenez, zailak ziren babesteko. Beraz, arriskutsuak ziren. Nahiz eta astindu handia hartu, pozarren gaude eginiko lanarekin. Bibaketik bibakera 21 orduko jarduna izan zen».

Bestalde, gasteiztarrek esan dute bide guztia garbi-garbia utzi dutela: «Bide berria seguru finkorik gabe utzi dugu. Uste dugu marra bitxia geratu zaigula, besteak beste, mistoko luzeak arraroak eta babesteko zailak zirelako. Diedroak, tximiniak... bai, bitxia. Esku artean beste xede batzuk izan arren, Guillaumet Orratzean egin dugunarekin zortea izan dugu».