Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Klima

Klimak akabatuko gaitu, ezerk baino lehen». Hala esan zion kafetegian ondoko mahaian eserita zegoen andreak berarekin zegoen gizonari. Unibertsitate irakasle itxura zuten biek. Serio ari zitzaion, berez dramatikoa den zerbait esan baina jarrera dramatikoa hartu gabe. Esaldi labur eta zorrotza zen, berez, buruarekin egindako baiezko keinua eta isilunea bilatzen duten horietakoa. Ohiko bezeroak dira kafetegian, goizean goiz joan eta, kafe beltz gehiegi ureztatua ondoan, ordenagailuan klik-klak etengabean aritzen diren horietakoak, elkarri edo ingurukoei berbarik zuzendu gabe. Gaur bai, hitz egiteko gogoz zebiltzan. Estatistikak aipatu zituzten. Zientzietako irakasleak zirela ondorioztatu nuen, hidrologiakoak edo, hitz egiten ari zirenagatik. Aipatu beharreko guztia aipatuta, isilune txiki bati jarraituz, bota zuen andreak: «Klimak akabatuko gaitu, ezerk baino lehen». Nobela beltz baterako izenburu aproposa izan zitekeela bururatu zitzaidan eta lana egiteko banuen ere, minutu batzuk igaro nituen ustezko nobela beltzaren hari narratiboa asmatzen, pertsonaia nagusiak aukeratzen, irakurle posibleak imajinatzen, merkatu harrera zehazten. Hara, prokrastinazio gogoak egin dezakeena. Ondoan nituen irakasleek nobela irakurriko ote luketen neure buruarekin eztabaidatzeari ekin nion: interesgarria ala friboloa irudituko litzaieke? Segur aski, bigarrena. Ez zuen ematen klimaren harira txisteetarako zeudenik. Eta zergatik egon beharko lukete?