Emakumea eta islamiarra
Hasteko eta behin, onartu beharra dut ez nagoela batere jantzita gai islamiarretan; dakidan apurra, gehienok bezalaxe, hedabideen bidez dakit, eta horrek mesfidantza sortzen dit benetan ote diren gauzak kontatzen dizkiguten bezalakoak, jakinaren gainean beste gai askori –gertukoagoei- nola heldu ohi dioten: egiak erdizka, ahots isilduak eta informazioaren manipulazioa nonahi. Beraz, lagunik ez dudanez emakumea eta musulmana, ez daukat batere argi zer gertatzen den beren munduan eta barrenean, ez eta beren buruan ere, estalita egon ala ez.
Eta, halere, zerbaitek garbi eta ozen diost barruan EBko Justizia Auzitegiaren epaiarenak baduela bere mordoiloa. Emakume bat kaleratu zuten enpresatik belo islamiarrik gabe lan egiteari uko egiten ziolako, konpainiaren erlijio-neutraltasun politika urratuta. Erlijio-neutraltasun zorrotz horrena ez dakit nik noiztik datorren, bizitza osoan ikusi baititut nik mojak eta apaizak beren jantziekin lasai asko hara eta hona, Europan barrena, eta zalapartarik sekula ez dut entzun irakasle, harreragile, dendari edo udaltzain batek, jendeari begira lan egiten duen edozeinek, gurutzea daramalako lepotik zintzilik. Niri, egia esan, bost, baldin eta bere lana behar bezala egiten badu eta bere erlijio-sinesmenak ez badu nire esparrua inbaditzen, urratzen edota moralizatzen. Ez dakit zer garrantzi izan dezakeen emakumezko langile batek buruan hijaba, kapela arrosa bat edo hiru lazo fosforito eramateak, baina arazorik gabe uler dezaket (ez dakit zergatik jende askok ezin duen) zer dakarkion edozein norbanakori bere identitateari eta berau osatzen duten ikurrei uko egin beharrak, lantokian esaterako, tamalez bizitzaren zatirik handiena ematen dugun lekuan. Bada, hori: inolako graziarik ez.
Zerbaitek garbi eta ozen diost barruan epai horrek are zailago jarriko dizkiela gauzak beren borondatez belodun diren emakumeei lana topatzeko eta, ondorioz, burujabeago eta askeago izateko. Hain zuzen ere, mendebaldekook honenbeste kezkatzen gaituzten eta etengabe katedra ezartzera eramaten gaituzten emakume musulmanen burujabetza eta askatasuna erdiets ditzaten, hara, emakume musulman horiek preseski. Eta hori, epaia ez dela gauza ona haientzat, ez diot nik, haiek baizik, emakume musulmanek. Hemen daude, gure inguruan bizi dira, eta badituzte beren iritzi eta ahots garbiak beloaz eta bestelako kontu zenbaitez. Ez dute, ordea, plaza nahikorik guri, patxadaz, emakumea eta islamiarra izatea zer den azaltzeko.