Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Hipokrisiari stop!

Etikaz eta moralaz ahoa betetzen duten apaiz ugari izan ditugu beti inguru hauetan. Pulpitutik onak eta txarrak bereiziz, eztabaida politiko sanoa sustatu ordez, sermoiak botaz hatz erakuslearen laguntzaz. Hain zuzen, eztabaida politikoan sartuko balira, ikuspegi kritiko bati bidea zabalduko baliote, galdu egingo luketelako.

Zuzentasun politiko aspergarrian hezi nahi gaituzten horiek gehienek euren second lifea dute, ordea, atzean. Lezioak emateko aurpegia dute nortzuek eta Gernika bonbardatu eta gezurra zabaldu zutenen oinordekoek; gerra zikinaren bidez herri honen askatasunaren aldeko borroka hiltzen saiatu zirenek; komisarietako sotoetako tortura geletan egin dutena aitortzeko gai ez diren horiek; droneak bidaltzen dituztenek herrialde urrunetako distantzian jendea hiltzera; mugetan hesiak eraiki eta zulo bilakatu diren itsasarteetan pertsonak itotzen uzten dituzten horiek; Estatu ustelen egiturez baliatu direnek euren negozioak egiteko, herritar guztiok gure ongizaterako egiten dugun inbertsioa interes partikularretarako desbideratuz; milioika euro kostatzen diren alferreko azpiegiturak kolegei oparitzen dizkieten bitartean, laguntza sozialak murriztu edo jendea euren etxeetatik botatzea ahalbidetzen duten bitartean «dirurik ez dagoelako».

Hipokrisiaren pasarela horretan, lelo errepikakorra bilakatu dute gaitzespena; besteei autokritika exijitzen diete eta autokritika hori nolakoa izan behar den ere esaten diete. Tokitik ez mugitzeko aitzakiak. Herriaren izenean hitz egiten dute apaiz hauek, baina alderdia dute abiapuntu eta helburu.

Finean, moral merke hori gezurrean, azaleko damuan, faltsukerian eta norberaren ekimenen erantzukizunari uko egitean oinarritzen da. Beraz, ze sinesgarritasun dute gaitzespen hitz horiek? Benetakoak dira, ala estetika hutsa da hau ere? Bada beste etika mota bat: helburu handiago baten alde eragingo den kalteaz (sarri bueltarik ez duena) jabetzen da, legea hautsiko duela badaki, ondorioz ordaina edo zigorra jasoko duela badaki eta onartzen du, eta egindakoa zein eragindako sufrimendua aitortzen du, konplexurik gabe.