Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Euskadi eta Nafarroa? Barka?

Baten bat baino gehiago harritu zen Kursaalen Ibarretxek Euskadi eta Nafarroa eta antzeko esamoldeen aurreko egonezina adierazi zuenean. «Ba, zu zure garaietan...», pentsatu zuen jende askok, eta ulergarria da. Geldi gaitezke kritika horretan, nahi izanez gero, baina ez da egin dezakegun bakarra. Esandakoak dakarrenari erreparatzen ahal diogu, ordea, eta nago askoz ere onuragarriagoa izanen dela, adostasun berrietarako beta irekitzen baita.

Bestalde, gai honen inguruan ez ezik bere mintzaldi osorako balio du gogoetak, baina gure lurralde korapiloez hitz egin nahi dut gaurkoan. Izan ere, halakoak behin baino gehiagotan entzun dizkiot eta poza hartu dut guzietan, aspaldiko haserre eta zapuzketek kolpaturik. Izenak sakralizatzea gauza txarra da, totem bilakatuz ez gara luzera joanen, nik ere hala pentsatzen dut, baina, kasu! Izenean esan gabe doana aintzat hartu gabe ez dago azterketa zorrotzik: esentzializatzea bezain kaltegarria gerta daiteke banalizatzea.

Afera nagusia geure geopolitikaren formulazioa da: sinpleki, non hasten eta bukatzen den geografikoki «gure herria» deitzen dugun hori. Ene ikuspegian, ibilbide historikoa aintzat hartuta, komunitate politikoa osatzeko borondate politikoari ematen diot lehentasuna, eta Euskal Herria nahiago dut hori adierazteko. Baina onartu behar dut, jakina, norbaitek horri bestela deitu nahi izatea. Estaturik ez izateak abantaila gutti ditu, horietako bat izena aukeratzeko ahalmena delarik, eta baliatu beharko genuke, ezta?

Geure erreferentzia geopolitikoak hautsi nahi gabe haustea, inposatutako zatiketa irentsiz edo lurralde batek lurraldetasun osoa ordezkatzen duelakoan, berriz, ez zait komenigarri iruditzen. Ez du ezertan laguntzen, eta hagitz mingarria izaten da askorendako, ni barne. Atxikimendu askean oinarritutako egitasmoaz ari garelarik, ilusioa piztu behar dugu, itzali baino: erakargarritasunean dago gakoa!