Jon LEUNDA
BEREZKOEK

Ospitalek eta Ducassouk ez dute gehiago itxaron nahi

Berezkoen Binakako Txapelketako neurketa jokatuko da gaur Milafrangako trinketean, 17.00etan hasita. Jaialdiko lehen partida Bigarren Mailakoa da, eta ondorengoa izango da maila nagusikoa. Bertan, Waltari eta Gixandut Ospitalen eta Ducassouren aurka neurtuko dira.

Azken hauek dira garaipena lortzeko faborito nagusiak. Orain arte jokatutako norgehiagoka guztiak irabazita daude, eta txapela lortzeko ere faborito nagusietakoak dira. Bakarkakoan elkarren aurka jokatu zuten finala.

Waltari eta Gixandut ere ongi hasi ziren, dena irabaziz, baina pasa den astean ezustean galdu egin zuten, eta orain garaipen premiarekin daude finalerdietan zuzenean sartu ahal izateko, nahiz eta gaurkoak ez diren garaipenen bidera itzultzeko aurkaririk aproposenak izango.

Bigarren Mailakoan, berriz, Oltzomendi eta Benesse Laurent Lanberten eta Palomesen aurka lehiatuko dira.