Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Nalle Hukkataival «bleausard»-en ohituretanbikain murgildu da

Blokeko espezialista finlandiarrak Fontainebleaun dagoen zirkuitu gogorrena bost orduan borobiltzea erdietsi du. Hukkataivalek Cuisiniereko zirkuitu beltzak dituen 34 bloke gainditu zituen; tartean, 8a bat.

Inolako zalantzarik gabe, Nalle Hukkataival blokean egun dugun espezialista indartsuenetarikoa da. Muturreko makina bat korapilo askatzeaz gain, orriotan aipatu dugun bezala, gai izan da 9a zailtasuneko lehen proposamena egiteko: “Burden of dreams” (Lapnnor).

Nahiz eta bere ohiko jarduera muturreko blokeak askatzea den, une jakin batzuetan etenaldia egin eta beste izaera bateko erronkei ekiten die. Horren adibide da Fontainebleaun burutu berri duen xedea.

Orain dela pare bat aste, finlandiarrak Cuisiniere sektorean dagoen zirkuitu gogorrena (basokoa ere bada) borobildu egin du. Eta, gainera, zirkuituaren 34 blokeak egiteko soilik bost ordu behar izan ditu. Era horretara zirkuitu hori egunean egin duen lehen eskalatzailea izan da.

Agian, irakurleren batek galdetuko du, zertan datzan jarduera hori. Bada, aipatu behar dugu «bleausard»-entzat (hots, Fontainebleauko «etxekoentzat») aspaldiko ohitura dela. Sektore guztietan zailtasun ezberdinetako (F-tik hasi eta ED+ gradura arte) zirkuituak egiten dituzte. Zailtasunaren informazioari dagokionez, bloke bakoitzak kolore marka bat jasotzen du.

Fontainebleau ondo ezagutzen dutenek diotenez, jarduera hori bleausard-entzat oso ohikoa da; atzerritarrentzat, berriz, ia oharkabean pasatzen da.

Bost ordu

Hukkataivalek Fontainebleau makina bat aldiz bisitatu badu ere, zirkuituen erronka ez zegoen bere lehentasunen artean: «Nire azken bisita honetan helburuz aldatu nahi izan dut. Cuisiniere sektoreko zirkuitu beltza (ED+) Fontainebleauko gogorrena da. Eta duela hiru hamarkada baino gehiago asmatu bazen ere, orain arte inork ez zuen egunean borobildu. Azken blokea, ‘Duel’ (8a), plaka oso gogorra da, eta uste dut horrek jende asko atzera bota duela».

Finlandiarrak argi zeukan zirkuituak duen izaera eskalatzaile batentzat test arras interesgarria dela: «Hura egiteko oso sasoiko behar duzu egon. Zergatik diodan hori? Bada, estilo ezberdinetako blokeak eskalatu behar direlako: erregeletak, kamutsak, plakak, ertzak, dinamikoak, ‘mantle’-ak... Eta ‘higball’-etan burua bere lekuan eduki behar da».

Zirkuituak dituen 34 blokeak 5 ordu eta 8 minutuan egin zituen. 6a graduan hasi eta 8a zailtasunean amaitu zuen:&flexSpace;«Pare bat egun blokeak ikusten eta garbitzen egon nintzen. Ondoren, ‘jolas perfektu’ baten ostean denak egin nituen».