Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JO PUNTUA

Arma gehiago?

Obamacare-a hondoratzeko saioaren hondamendiaren ondoren, argi dago Trumpen lehen ehun egunetako ekimen-sortan geratzen den lore bakarra –arantzatsua, zinez– armategiaren ugalketa dela. Ez da gutxi Mexikorekiko mugako hesian bere desmasiarekin tupust eginda, herri musulmanetako bidaiarientzako debekuan legearekin topo eginda, aliatu hurbilenekin muturtuta, bere administrazioan kaosa ereinda dabilenarentzat.

«Berriro gerrak irabazten hasi behar dugu estatubatuarrok». Konplexu industrial-militarrak txalotuko dio gastu militarra handitzea: 54.000 milioi dolar gehiago ez da pagotxa, aurretiaz gastatzen duenaren hamarrena besterik ez bada ere. Arazoa, ordea, gaur zortzi “The New York Times” egunkariak (Trumpek, noski, ez du hain prentsa gaiztorik irakurtzen) aurpegiratzen ziona litzateke: behar al du arma gehiago jada 450 ICBM jaurtigailu; 10 hegazkinontzi; 31 ontzi anfibio; 93 gurutzontzi, destruktore eta fragata; 68 urpeko; 157 bonbaketari estrategiko; 3.476 hegazkin taktiko; 760 eraso-helikoptero; 637 drone eta 2.831 tanke badituen herrialde batek? Ez da samurra galdera horri baietz erantzutea. Are gutxiago jarraian New Yorkeko egunkariak berak egiten zuen alderaketaren aurrean: bere ondorengo zazpi potentzia handienek bat eginda adina gastatzen dute jada Ameriketako Estatu Batuek defentsan. Eta zazpi horietako lau, gainera, aliatuak ditu...

Zentzu militarraren arrastorik ez duenari bestelakoak bilatu beharko zaizkio eta, oso enpresa jakin batzuen lobby lana batere bazterretsi gabe (ikusi besterik ez dago zenbat jeneral dauden oraintxe bertan Trump administrazioan), susma liteke baten batek «keynesianismo militarraren» kanpaiak non edo non entzun dituela. Eta lehen ere besteren bati otu zitzaion bezala, gerraontziak eta bonbaketariak egitea ere «herri-lana» izan daitekeela iruditu zaiola.

Asmo horrek Keynesekin baino kidetasun estuagoa du, ordea, Ipar Koreako Kim-tarrekin. Luzaz munduko lehen potentzia militarra denean…