Ion SALGADO
20. Korrika: Otxandiotik Iruñera

ABIAN DA LEKUKOA, APIRILAREN 9AN IRUñERA IRITS DADIN

ARRATSALDEKO 17.00AK ONDO JOTA HASI ZEN ATZO OTXANDION KORRIKAREN 20. EDIZIOA, «BATZUK» LELOPEAN. EHUNKA LAGUN BILDU ZIREN BIZKAIKO HERRIAN EUSKARAREN ALDEKO HERRI LASTERKETA ERRALDOIA MARTXAN JARTZEKO, ETA MILAKA IZAN ZIREN GASTEIZKO KALEAK ZEHARKATU ZITUENEAN. GAUR NAFARROARA IRITSIKO DA.

Haurrak, gazteak eta helduak. Guztiak bidera atera ziren atzo. Mundura atera ziren eta, “Zirkorrika” abestiak dioen bezala, datozen egunetan herriz herri ibiliko dira. Eskutik eskura pasako dute Korrikaren lekukoa, apirilaren 9an Iruñera irits dadin. Tartean, 2.535 kilometro egingo ditu, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko, euskararen hazia Euskal Herriko bazter guztietan landatuz, Tuteratik Bilbora eta Gasteiztik Maulera.

«Hori da AEKren mezua aurtengo Korrikan: AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua delako», nabarmendu zuen Koikili Lertxundik hasierako ekitaldian, Otxandioko Herriko plazan.

Bizkaiko herri txiki honen erdigunetik atera zen atzo 20. Korrika, «Batzuk» lelopean, «bat» eta «zuk» hitzen arteko hitz-jokoa. «Bat», euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat delako. «Zuk» hitza oraindik euskara ez dakitenei zuzentzen da. Eta «Batzuk» horrek aniztasunari egiten dio erreferentzia.

AEK-ko kide Iñaki Urkijok azaldu zuenez, «oraindik ere euskal herritar dezentek segitzen dute euskararen mundura hurbildu gabe; orduan bezala, eskatu nahi diegu atea ireki diezaiotela etorkizunari, pausoa eman eta euskararen eremura hurbil daitezela. Zuzenean gonbidatu nahi ditugu, ‘izan bat, eta batzuk izango gara. Euskahaldunok, zuokin, gehiago gara».

Eta beste mezu bat bidali zien erakundeei. «Badirudi ate berriak zabaltzen ari zaizkigula euskararentzat: aldaketa, Nafarroako Gobernuan eta jarreran; aukerak Iparraldeko Herri Elkargo berriarekin, eta adierazpen publikoak EAEn, hizkuntza politika eraberritzeko eta elkarlanean aritzeko. Horien aurrean, guk, herritarrok diogu prest gaudela aurrera egiteko eta bidelagun izateko; itxaropenez eta gogotsu gainera! Prest gaude administrazioen arduradunekin batera, ausardiaz jokatzeko, unea baita hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko», esan zuen.

Aurrera Korrika!

Amaitzeko, Asier Amondo Korrikaren arduradunak Iruñean irakurriko den testua lekukoan sartu zuen eta hasiera eman zion Korrikari. «Aurrera Korrika!», oihukatu zuen aurtengo testigua Joseba Kanporen senideei laga ostean. Horiek hartu zuten lekukoa lehen kilometroan, Korrikaren sortzaileen eta horien artean bereziki otxandiarraren omenezko kilometroa baitzen.

Lehen lekuko aldaketa ere esanguratsua izan zen, 2. kilometroan Euskal Herriko hiriburuetako sei ordezkarik hartu baitzuten testigua. Otxandion batu ziren Gasteizko, Iruñeko, Mauleko eta Baionako alkateak, Bilboko Euskara zuzendaria eta Xabier Euzkitze, Donostiako Udaleko ordezkari gisa parte hartu zuena.

Otxandiotik atera eta Legutiorako bidea hartu zuen Korrikak, eta bertatik Gasteizera abiatu zen. Amarita, Durana eta Gamarrako kaleak zeharkatu ondoren, Arabako hiriburuan sartu zen Korrika arratsaldeko 19.15ean. Milaka lagun atera ziren kalera euskararen alde korrika egitera, eta hainbat eragile eta erakundetako kideek hartu zuten lekukoa. Sareren kilometroan Oier Gomez eta Jose Ramon Lopez de Abetxuko larriki gaixorik dauden presoen senideek hartu zuten Korrikaren ikurra.

Bilbo plazan doakotasunaren aldeko kilometroa egin zuen AEK-k. Gainerako hiriburuetan errepikatuko duten ekimen honekin euskara denok doan ikasi ahal izatea aldarrikatu nahi dute. Gauean Gasteizko kaleak utzi zituzten korrikalariek eta Iruña Okara joan ziren. Gaur Trebiñu eta Lizarratik pasatuko dira. Gauean Cadreitara helduko dira eta bihar Nafarroa zeharkatuko dute, Tuteratik Erronkarira.