Beñat ZALDUA
Kazetaria
JO PUNTUA

Haientzat kontakizunaren borroka, guretzat bakea

Ez dadila gaizki ulertu lerro hauen izenburua. Ezinbestekoa da tamalez «kontakizunaren borroka» deitu izan den honetan informazio guztia mahai gainean jarri eta batzuen (eta besteen) kontakizun ofizialak kolokan jartzea. Euskal Memoriaren lana funtsezkoa da bide horretan, baita Paco Etxeberriak Lakuaren aginduz torturari buruz egindako txostena ere. Gertatutakoaren puzzlea osatzeko pieza asko falta dira oraindik, irakurri bestela Alberto Pradillak torturatzaile indultatuen ibilbide oparoari buruz idatzitako artikulu sorta. Desoreka nabarmena da, gainera; Carrerori buruzko txisteak kondenatzen diren bitartean, GALeko izen ezagunenak goraipatu daitezke eta.

Hori argituta, armagabetzearen iragarpenaren aurrean ikusitako hainbat jarrerak kontaketaren inguruko borroka hori beste betaurreko batzuekin begiratzeko aukera eman du. Iruditzen zait ustezko borroka hori gatazka armatuaren fikziozko luzapena elikatzeko modua dela. Hau da, gatazka armatuaren gaineko eztabaidetan kateatuta mantentzeko era; ez gertatuaren ondorioen inguruan –hori ezinbestekoa da–, baizik eta zuzenean gertatutakoaren inguruan. Logika horretan ulertzen da PPk apirilaren 8an kontraprogramatutako ekitaldia.

Kontakizunaren afera borroka edo gatazka gisa aurkeztea ere bada, izan ere, gatazka bizirik mantentzeko modua. Baita bizikidetza eta oraindik osoa ez den bakearen bidean ematen diren pauso gehienak kontaminatzeko forma ere, alderdikeriak edonon ikusiz eta gizarte osoarentzat onak diren berriei itzalak atzemanez –armagabetzea da adibide garbiena–. Puzzlearen pieza bakar bati uko egin gabe, alegia, kontakizunari berari uko egin gabe, haientzat utziko nuke oso-osorik «kontakizunaren borroka» delako horren logika. Izan ere, inoiz kontakizun adostu bat iristekotan, hemendik urte dezentera iritsiko da, gaur egun bakearen alde nork egin duen eta nork ez bereizteko nahikoa perspektibarekin.