Ospitalek eta Ducassouk segurtatuta utzi dute ia lehen faseko aurreneko postua
Ez zen ezusterik izan atzo Senpereko trinketean, eta Ospitalek eta Ducassouk irabazi egin zuten Larralderen eta Migueltorenaren aurka (40-30). Bide batez, lehen fase honetako lehen postua ia segurtatuta utzi zuten.
Migueltorena zen atzoko protagonista, min hartuta dagoen Bilbaoren ordez sartu baitzen. Oraindik berria da profesionaletan, eta bi hilabete zeramatzan geldirik lesio baten ostean, baina onenekin lehiatzeko modan dagoela erakutsi zuen Uztaritzeko gazteak.
Irabazleak beti markagailuan nagusi izan ziren, baina ezin izan zuten inoiz alderik atera. Saketik Ospitalek zortzi kintze lortu zituen, eta lau gutxiago Larraldek. Irabazleek jokoan 20 tanto egin eta 15 galdu zituzten, eta, galtzaileek, berriz, 11 egin eta 12 galdu. 1-0, 1-1, 2-2, 10-10, 12-12, 16-12, 23-16, 3-22, 35-27 eta 40-30 izan zen markagailuaren mugimendua. Bigarren Mailakoan, Lanbertek eta Palomesek 40 eta 35 hartu zituzten mendean Elgart eta Ezkurra.
Gaurkoan partidak Irisarrin izango dira. Lehen Mailakoan, Intxauspe eta Amulet Etxegarairen eta Lazkanoren aurka lehiatuko dira. Jaialdia 16.00etan hasiko da, Bigarren Mailako partiduarekin. Oltzomendi eta Benesse Monzeren eta Lukuren aurka neurtuko dira.