Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Eredu talka

Sistema kapitalista elikatzen duen pentsamendu neoliberala gailentzen ari den honetan, gure kontsumo eta bizi eredua kontsumismoarekin (erosi, erabili, bota) lotua dago eta sistema honek iraun dezan gezurrez edo engainuz osatutako diskurtso interesatuak eraikitzen dituzte boterean direnek. Berdin gurean ere. Eraikitzen ari diren makroproiektu ezberdinek eredu «desarrollista» horri erantzuten baitiote. AHTa edota Zubietako erraustegia, esaterako, herritar askoren bizkar eta inolako parte hartzerik gabe gauzatu nahi dituzte, kosta ahala kosta. AHTak Europarekin lotuko omen gaitu, eta ekonomia zirkularrari lotutako birziklapen eredua ezartzea inposaketa zen lehen; orain, aldiz, errauskailuaren egitasmoak gehiengoaren babesa duela diote demagogoek. Errauskailua edo zabortegiak, ez omen da besterik. Pertsona helburu duela dioen alderdiak aditu guztiek egindako txostenei muzin egin eta badaezpadako zuhurtasun-printzipio oro baztertuz egin nahi du errauskailua. Nafarroan, Valentzian eta Asturiasen, adibidez, uko egin diotenean.

Baina aparrak ur azalera egiten duen bezala, gero eta argiago begietaratzen da posible dela eredu jasangarriago bat ezartzea. Hala diote, besteak beste, “Ez erre etorkizuna” liburuaren egile eta Europako Zero Zabor mugimenduko lehendakari Rossano Ercolinik zein Europako Ingurumen Bulegoko Piotr Barczak adituak; erraustea iraganeko kontua da, dena xahutu eta etorkizuneko baliabideak alferrik galarazten ditu; errauskailu berriak irekitzea ez da ideia ona eta Gipuzkoa eredugarritzat daukate biek ala biek.

Beraz, gezurra da alternatibarik ez dagoela dioen leloa baina, Einsteinek zioen legez, mundu berri bat esploratzeko ezin dira mapa zaharrak erabili. Botereak, ordea, nahiago du jendeak beraiengan sinestea jakitea baino. Beren interesekiko sinesmena lehenesten dute jakintzaren aurretik.

Baina etorkizuna geure ametsen edertasunean sinesten dugunona izango da edo ez da izango.

Bizitza da handiena.