Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Galdera herrikoi bat egin dezagun: ze pisu du edalontziak?

Irudika ezazu, zure neurona margolariekin, urez beteriko edalontzia. Edalontzi arketipikoa, zure amamaren etxeko mahai gainekoa, txosnetakoa zein mendiko iturri ondoan batzuetan izan ohi den katilua. Behin edalontzia irudikaturik, bete ezazu urez.

Orain, galdera herrikoi bat egin dezagun: ze pisu du edalontziak? Jendeak galdera horren aurrean erantzun ezberdinak eman ohi ditu: zerotik hasita (edalontzia nire irudimenean baino ez dago) 200 eta 250 gramoraino.

Aitzitik, afera da berdin dela zein den edalontziaren pisua. Gure eskuarekin zein luzaro eusten diogun da garrantzia duen aldagai bakarra.

Urez beteriko edalontziari esleitu diogun pisua esleitu diogula ere, mahaitik hartu, ahora eroan, edan eta atzera bere lekuan uzteak ez dio inolako nekerik eragingo inori. Aitzitik, ordubetez eutsi behar badiogu, edalontziari zero pisua esleitu dionak ere besoa nekatuta izango du ordubetera. Ordubetetik gora eusten joan ahala gure besoa inurrituz joango da. Eta une bat helduko da, edalontziari zeroko pisua esleitu dionari ere besoa eroriko zaiona, indarge, sorbaldatik urkatu balute legez. Era horretan frogatuz edalontziaren pisu erlatibo eta beti imajinarioa baino askoz garrantzitsuagoa dela aplikatzen diogun energia denbora. Hegazti luma arin batek ere, egun osoz eusten badiogu, gure indar osoa agortuko du, beste edozer egiteko gaitasun oro kentzen digun bitartean.

Objektu fisikoekin azalduta lerdokeria iruditzen zaigun jokaera hau oso ohikoa da gizakiongan, ideien, edo arazo ez-materialen munduaz ari garenean. Uste dugu zenbat eta edalontziari luzaroago eutsi, bere pisuari eusteko prestatuago egongo garela. Are larriagoa, gure esku ez dauden arazoei eusten diegunean, burua esku bihurtuta.

Umeek eta hildakoek ez dute askatzen eskuetan dutenik. Tartekook ahalegina egin beharko genuke.