Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Masa eta legamia

Bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna giltzarrietako bat izan da ezbairik gabe ezker abertzaleak bere ibilbide luzean izan duen indar politiko eta sozialari eusteko. Mugimendu ezkertiar eta abertzaleak jakin izan du garaiko testuinguru eta estrategien arabera moldatzen, bere gora beherekin.

Berrasmatzeko gaitasuna bai, baina beti sustrai sendoei helduta. Sinbologia eta identitate komunitario sendoari eutsiz eta elikatuz. Ezker abertzalearena historikoki operazio populista handia izan da halako terminoetan hausnartu gabe ere. Herria gora eta herria behera. Herriaren eraikuntza xede, herria ardatz eta lehengai izanik. Eta guzti hori oso arrazoi sinple batengatik: askapen prozesuaren ardatza beti ardatz nazionala izan delako, horrek bere ezaugarritzean dakartzan zio guztiekin.

Borroka armatua eta masa mobilizazioa konbinatuz, muskulu politiko eta sozial sendoa erakutsi izan du mugimenduak, masa mobilizazio horiek komunitatearen autoafirmaziorako eta identitate kolektiboaren eraikuntzarako legamia bilakatuz.

Ziklo historikoaren amaierarekin batera, bada masa ekitaldi handiak agortu direla dioenik, duela urte batzuetako jendetzak biltzen ez dituztelako beharbada. Baina ez nago ni horretaz horren seguru.

Heldulekuak desagertzen ari diren sasoiotan, masa ekimenak zeremonia kolektibo handiak bilakatu dira. Ikus besteak beste futbol partiduak (futbol zelaietan zein tabernetan biltzen diren jendetzak partiduak ikusteko) edota musika festibal handiak: BBK Live, Azkena Rock, Hatortcu Rock bera... Lotura komunitario/identitario handiko zeremoniak dira: norbere futbol taldea, emozionatzen gaituzten musika taldeak, etab.

Beraz, esango nuke badela puntu honetan zer hausnartua etorkizunera begira. Baliteke azken urteetako krisi identitarioak zerikusia izatea masa ekimenen beherakadan. Eta etorkizuna irabazi nahi badugu ezinbestekoa dugu trinkotze komunitarioa, irekiera ahalbidetuko duen identitate berri baten eraikuntzarekin batera.