Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Angie Scarth-Johnson, hamabi urterekin 8c+ zailtasunera iritsi da

Eskalatzaile australiarrak Red Tiver Gorge-n dagoen (AEB) «Lucifer» bidea kateatu berri du. Zazpi urterekinhasi zen eskalatzen eta handik bi urtera 8b zailtasuneko bere lehen marra eskalatu zuen.

Argi dago kirol guztiek eboluzionatzen dutela, baina kirol eskaladarekin gertatzen ari dena beste kontu bat da. Haurtzaroa gainditu gabe eskaladaren adar horretan agertzen ari direnek egoera erabat irauli dute. Besteak beste, horren adibide bat Adam Ondraren agerraldia izan genuen. Baina ez da bakarra.

Gehiegi ez luzatzeko, Angie Scarth-Johnson lerrootara ekarriko dugu. 12 urte besterik ez ditu, eta duela gutxi gai izan da bere lehen 8c+ egiteko. Harrigarria, ezta?

Muturreko aldaketa hauei argi pixka bat emateko, Josune Bereziarturen kasua aipatuko dugu. Gipuzkoarra 17 urterekin hasi zen eskalatzen, eta bere lehen 8c+ (“Honky Mix”, Araotz), emakumezko batek egiten zuen lehena, 28rekin sinatu zuen. Scarth-Johnsonek, berriz, hamabirekin.

Jakina, beste garai batzuk ziren, baina, berriro diogu, kirol eskaladan benetako iraultza gertatu da. Egun, beraz, ez da batere ezohikoa haur bat muturreko zailtasunean ikustea.

«Lucifer»

Eskalatzaile australiarrak Red River Gorge eskalada eskola ezagunera (AEB) bisita egin du. Makina bat bide gogor kateatu ditu, baina horien guztien arteko ginga “Lucifer” (8c+) izan da.

Jakina, hori egin eta gero, pozarren agertu da: «Red River Gorgen zeuden baldintzak ez ziren batere egokiak. Neure buruari gogor egin behar izan nion, eta azken saioan katera heldu arte den-dena eman behar izan nuen. Azkenean, bide zoragarri hau kateatu dut eta pozarren nago».

“Lucifer”-ekin batera, goi mailako beste marra batzuk eskalatu ditu. Azpimarratzekoak dira “Elephant man” eta “Straight outta campton”; bi bideak 8a gradukoak dira, eta biak ala biak bistan egin ditu. Eta “God´s own stone” (8b+): «Duela hiru urte, marra horretan hainbat saio egin nituen. Itzuli naiz, eta hirugarren ekinaldian patrikara eraman dut».

Horiek dira, horrenbestez, haur australiarrak lortu berri dituen emaitza ikaragarriak. Gogoratu behar dugu zazpi urterekin hasi zela eskalatzen, eta bederatzirekin 8b gradura (“Swingline”, Red River Gorge) iritsi zela. 11 urterekin, berriz, 8c zailtasunera (“Welcome to Tijuana”, Rodellar) egin zuen salto, eta duela aste batzuk 8c+ graduan gogor sartu da.

Badirudi, aurrerantzean, Ashima Shiraishi estatubatuarra bezala, Scarth-Johnson asko entzungo dugula.