GARA
ATENAS

Tragedia Egeo itsasoan ontzi bat hondoratu ondoren

Ia urtebete zeraman Egeo itsasoak tankerako tragediarik ezagutu gabe. Igande gauean Turkiatik irtendako ontzi bat hondoratu egin zen eta bertan zihoazen 16 lagun hil egin dira.

Hildakoen kopuruak gora egin dezake oraindik, itsasotik bizirik atera dituzten errefuxiatuek jakinarazi baitute 25en bat pertsona igo zirela ontzira, Greziara iritsi nahian. Ontzia Egeoko Lesbos uhartearen parean hondoratu zen, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak emandako informazioaren arabera. Turkiako kostazainek zazpi gorpu berreskuratu zituzten, eta gainerakoak Greziakoek. Edonola ere, erreskate lanetan jarraitzen zuten atzo arratsaldean.

Albert Mayordomo Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundeko eledunak esan duenez, aurkitu dituzten gorpuetako sei emakumeenak ziren, eta bat ume batena. Gainera, beste bi emakume bizirik atera zituzten uretatik, horietako bat haurdunaldia oso aurreratuta zuena.

Lesbos uhartea Europar Batasunaren atari bihurtu zen 2015ean Ekialde Hurbileko gerretatik ihes egin nahi zuten gizakientzat. Horietako askok Siria, Irak eta Afganistango gerrak atzean utzi nahian egin zuten ihes, Turkiatik barrena. Baina Bruselak eta Ankarak iaz sinatu zuten itunaren eraginez, askoz ere iheslari gutxiago itsasoratzen da Erdoganen herrialdean.

Madril estutu

Europar Batasuneko estatuek errefuxiatuak hartzeko konpromisoa adierazi zuten, baina ez dira hitza betetzen ari eta Stop Mare Nostrum plataformak eta Bartzelonako Abokatuen Elkargoko Defentsa Batzordeak prozedura bat jarri dute abian Estatu espainoleko agintariei hitza bete dezatela exijitzeko. Madrilek 19.449 errefuxiatu hartu beharko lituzke bi urtetan (2017ko irailean amaitzen da epea), baina orain arte 886 baino ez ditu hartu, agindutakoaren %4,57 besterik ez.

Ankarak aske utzi du ISIS-en sorrera ikertu duen Italiako kazetaria

Gabriel del Grande kazetari, zuzendari eta produktore italiarra aske da dagoeneko, Italiako Atzerri Ministerioak atzo jakinarazi zuenez.

Turkian atxilotu zuten Del Grande apirilaren 9an, Siriako mugatik gertu, errefuxiatuen inguruko lan bat prestatzen ari zela. Siriako gatazka eta ISIS Estatu Islamikoaren sorrera ikertu ditu egileak eta aurki liburu bat argitaratzekoa da.

Blogariak joan den astean gose greba bati eman zion hasiera, abokaturik ez zuela salatzeko eta, aldi berean, turkiar poliziek egindako itaunketetan bere lana baino ez zutela ikertu jakinarazteko.