Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Bodyboard

Tahiti Teahupoo Challengue 2017:Bodyboard txapelketa historikoa

Jared Huston hegoafrikarrak irabazi du larunbatean amaitutako Teahupooko txapelketa. Boyboardaren historian izandako txapelketagogoangarrienetakoa izan da, itzelezko olatuak izan baitira. Uranga bikain aritu da eta APB rankingean hirugarren postuan da uneotan.

Txapelketa historikoa izan zen Tahitikoa. APB itzuliko bigarren lehiaketak ikusmin handia sortu zuen, sekulako itsaskia espero baitzen, eta horrela izan zen. Inoiz bodyboard txapelketa batean izan diren olatu ikusgarrienetakoak izan ziren eta lehiakideek erakutsi zuten maila itzela izan zen.

Txapela Jared Huston hegoafrikarrak irabazi zuen eta bigarren postua Garth McGregor australiarrarentzat izan zen. Hain zuzen ere, lortutako emaitzari esker, bi lehiakide horiek dira uneotan APB rankingeko lehen bi postuetan aurkitzen diren lehiakideak.

Rankingeko hirugarren postuan Alex Uranga dago. Tahitin sekulako txapelketa egin eta bosgarren postua eskuratu zuen. Zumaiarrak munduko txapela irabazteko behar den talentua baduela erakutsi zuen, eta, horrela jarraitzen badu, aurtengo titulu mundiala irabazteko aukera asko izango ditu.

 

Errepika ezinezko itsaskia

Zaletu eta lehiakideen artean hitzetik hortzera zebilen apirilaren 25erako espero zen itsaskia, olatu handiak eta erreka haizea izango omen ziren, baldintza ezin hobeak munduko olatu arriskutsuenetako bat sortzeko, eta horrela izan zen, bete-betean asmatu zuten.

Olatu handiak, oso handiak, lau metrokoak, baina batez ere zabalak ziren, eta, borobilak baino, karratuak. Olatu zinez arriskutsu eta beldurgarriak. Lehiakideek gorriak ikusi zituzten olatuak mendean hartzeko, eta, askotan, olatua bera zen lehiakideak irentsi eta arrezifearen kontra botatzen zituena. Ikusgarria izan zen, edozein ikuslerentzat opari ezin hobea.

Apirilaren 22an hasi zen Tahitiko txapelketa, baina egun handia hiru egunen buruan etorri zen. Aldizkarietako goiburuek «egun historikoa» izan zela azpimarratzen zuten. Surfertoday webguneak, esaterako, «2017ko apirilaren 25a, bodyboardaren historian izan den egunik esanguratsuenetakoa» zioen.

Urangaren hamarrekoa

Txapelketaren bigarren egunean espektakulua ematen aritu ziren lehiakideen izenak aipatzerakoan, bat nabarmendu zuten aldizkari gehienek: Alex Uranga. Izan ere, borobila izan zen olatu batean epaileek eman zioten hamarrekoa.

Honela deskribatzen zuen komunikabide estatubatuar batek zumaiarraren balentria: «Alex Urangak mendeku hartu du. Lehendabiziko txandan ez du irabazi eta bigarrengoan hamarrekoa egin du tubo sendo eta sakon batekin. Urangak 18,67 puntu bildu ditu bere bi olatu onenekin».

Olatu zailetan bikain moldatzen dela erakutsi zuen zumaiarrak. Hirugarren errondan 16,17 puntu bildu zituen, eta, Nai Oliver bere arerioak, ostera, 3,40 puntu baino ez zituen egin. Hortaz, aise pasa zen laugarren txandara, zailena oraindik etortzeko zegoen arren: hurrengo txandetan izan zituen aurkariak izan zitzakeen gogorrenetakoak ziren.

Final laurdenetan esaterako, Mike Steawrtekin borrokatu behar izan zuen. Bodyboarder hawaiiarra, Uranga baino mende laurden bat zaharragoa izan arren, inoiz kirol honetan izan den bodyboarder onena da, eta hori bakarrik ez, Teahupoon olatuak hartzen lehenetarikoa izan zen.

Stewart eta beste lagun gutxi batzuk bakar-bakarrik aritu ziren zenbait urtez olatuak hartzen egun izugarrizko fama duen urautsian, beraz, ezin hobeto ezagutzen ditu olatu beldurgarriaren sekretuak. Horri esker menderatu zuen hawaiiarrak Uranga, baina ondo kostata, izan ere, Stewartek ez zion alde handirik atera zumaiarrari. 17,83 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin Hawaiikoak, eta, Urangak, ostera, 16’57 puntu.

Hawaii, Tahiti, Brasil

Aurtengoan guztira hamaika txapelketek osatzen dute mutilen munduko APB zirkuitua. Horietako bakoitzak, dituen izarren araberako garrantzia du. Hau da, gutxienez 2.000 puntu eskain ditzakete munduko zirkuituko lehiaketek, eta, gehienez, 6.000 puntu.

Itzuliko lehendabiziko geldialdia Hawaiin izan zen, pasa den martxoan, Pipelineko olatu famatuan, eta Jeff Hubbard hawaiiarrak irabazi zuen txapela. Bigarren postua Iain Campbell hegoafrikarrak eskuratu zuen eta hirugarren postua Alex Uranga zumaiarrarentzat izan zen. Teahupooko txapelketa aitzin hurrenkera berean zeuden lehiakideok, baina, azken emaitzen ostean, Urangak bere postuari eutsi dio eta Hubbardek behera egin du, oraindik lehenengo lau postuen artean aurkitzen bada ere.

Hawaiikoa 2.000 puntuko txapelketa zen, eta irabazleak 10.000 dolar estatubatuar irabazi zituen. Teahupookoa, berriz, 4.000 puntukoa da eta sari nagusia 15.000 dolar estatubatuarrekoa da. Puntuak eta diru sariak alde batera utzita, ordea, bi txapelketok badute antzekotasun bat, biak munduko urautsi mitikoenetakoak baitira.

Garai batean, Pipeline munduko olatu zail eta arriskutsuena zela uste zen, Teahupoo agertu zen arte. Tahitiko olatuan urte luzez soilik bodyboarderrak itsasoratzen ziren, surf egiteko zailegia zelakoan; egun, ordea, surflariak ere aritzen dira, eta, Pipelinekoarekin batera, prestigio gehien duen urautsietako bat da.

Itzuliko hurrengo geldialdia Brasilen izango da, ekainaren 14an eta 15ean hain zuzen. Itacoatira Pro, gainera, munduko bodyboard itzuliko lau txapelketa garrantzitsuenen artean dago. “Zilarrezko Grand Slam” lehiaketa horrek 5.000 puntu eskaintzen ditu, alegia, puntuei dagokienez orain artean egin diren beste bi txapelketek baino balio handiagoa dauka.