Izaro Gorostidi
KOLABORAZIOA

Bizkaia maitea izateko, Bizkaia maitatu behar da

Batzuetan probokazioaren bitartez eztabaida sakonak eta interesgarriak piztu daitezke. Hari horretatik tiratuko dut GARAk publikatutako artikulu mingarri bati erantzuteko. Testu horretan euskal estatua eraikitzeko arazo nagusia bizkaitarrak edo zehatzago esateko Bilbo ingurukoak direla botatzen zen eta komunitate hori alde batera uztea eskatzen zuen «Surflari ernegatua» izenarekin idazten duen autoreak. Norbaitek idatziko balu euskal estatua eraikitzeko andrak sakrifikatu behar direla GARAk publikatuko luke? Eta nire ustez hemen dago gakoa, populazio horrekiko dagoen begirune falta itzela.

Probintziakeria baino harago doan eztabaida bat eraikitzeko datuak eduki behar ditugu kontuan. «Bilbo handia» izenarekin ezagutzen den Bilboko metropoli eremua 35 udalerrik osatzen dute, orotara 900.000 biztanle baino gehiago. Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera Muskizetik Galdakaora eta Zeberiotik Lemoara hedatzen den eremua litzateke. Lurralde zati egitasmoak hiru lurralde aipatzen ditu: Bilbo, ibai-eskumaldea eta ibai-ezkerraldea. Bertan, EAEko populazioaren ia %50a bizi da, Gipuzkoa osoko populazioa baino gehiago eta Arabakoaren hirukoitza bezainbeste. Hortaz, euskal estatua eraikitzeko populazio erdia kontuan ez hartzeak, gutxienez, oinarri ahula dirudi. Horregatik azken udal eta foru hauteskundeetako emaitzak aztertzerakoan Sortuko presidentea zenak, Hasier Arraizek, argi adierazi zuen Euskal Herrian hegemonia nahi izanez gero, Bilbo Handia deiturikoa irabazita etorriko dela, eta ez kontrakoa, komunitate hori alde batera utzita, alegia.

Baina oso kasu gutxi egiten zaio eremu horri, errazagoa baita, Surflari ernegatuak dion moduan, gure betaurrekoen arabera eraikitzen ez den hori baztertzea. Arraizen analisiari jarraituz, Bizkaian soziologia jakin bat dagoen eskualdeetan oso ondo moldatzen da EH Bildu, baina besteetan, ez dute asmatzen. Izan ere, akats bat egiten da: berdin jokatzea Bizkai osoan. Bada garaia Nafarroak, Gasteizek eta Ipar Euskal Herriak erakutsi digutena martxan ipintzeko, hots, toki bakoitzean bertako soziologiaren araberako estrategia bat burutzea.

Baina ezinezkoa da tokian tokiko estrategia bat garatzea eskualdea kontuan izan gabe. Adibideak botako ditut. Ezkerraldea Euskal Herriko langabezia tasa altuenetakoa duen eskualdea da, lan egiteko adinean dauden pertsonen %21 beharrik gabe baitaude. Azken euskal hauteskunde orokorretako kanpainan, 2016an, Arnaldo Otegi Tele7n elkarrizketatu zuten. Eremu horretan ikusten den tokiko telebista da Tele7 eta bertoko aurkezle famatuak esaldi batekin laburtu zuen ezkerreko independentistek egiten duten hutsegitea: «Bazen garaia», lehen aldia baitzen berton agertzen zela. Otegiren Herria eraikitzeko eskaintza politikoa sortzeko katalan adina bizkaitar izan zituen lagun, bat. Sortu jaio zenean, zuzendaritzako 25 kideetatik lau bizkaitar zeuden… Berriz diot, probintziakeria baino harago doazen datuak dira; ezinezkoa da ezagutzen ez duzun horri buruzko gogoeta estrategiko bat eraikitzea eta, are gutxiago, gure herriko errealitate soziopolitikoen aniztasuna on hartu gabe, euskal estatu bat eraikitzea.

Surflari ernegatuari aholku bat botatzen ausartuko naiz. 90eko hamarkadako Euskal Herriko surflarien komunitateko jendearekin berba egin dezala Bizkaiko eskumaldeko surflariek, ohiko surflariaren irudiarekin talka eginez, sortu zituzten erreferente berriak ezagut ditzan. Gipuzkoako kostaldeko surflari batek idatzitako testu baten arabera, aldaketa izugarria gertatu zen, «lehen egin ezin genituen gauzak egin genitzakeela ikusi baikenuen», hots, Jarraikoa izanik surflaria izatea. Bilbo Handian ere pentsaezinak diren gauzak gerta daitezke, baina horretarako gutxienezko begirunea beharrezkoa da.