Beñat Zaldua
Kazetaria
JO PUNTUA

«Euskadi Kataluniaren kontra»

Izenburu horrekin hasi zuen kronika bat duela lau urte Enric Julianak, itzal handiko kazetaria bai Bartzelonan bai Madrilen. Gogor jo zuen jeltzaleen kontra “La Vanguardia”-ko zuzendariordeak: «Euskadiko Buru Batzarrak ez dauka lagunik, soilik interesak ditu». Gaia Estatuaren finantziazio sistema kaskarra eta hura erreformatzeko Mediterraneotik zetozen eskaerak ziren. Haien artean EAEko kupoa kolokan jar zezakeen finantziazio asimetrikoa. Hori ez, esan zuen Urkulluk. «Espainiako eskuin gogorrak inoiz ez zuen imajinatuko noizbait haien alde edukiko zutela Eusko Alderdi Jeltzalea», Julianak. Lau urte pasatu dira eta hortxe jarraitzen dute.

Barre asko egin zaio urteetan katalanen zuhurkeriari, baina jeltzaleak dira orain milioi batzuen truke PPren legealdiari hauspoa ematen diotenak. Duela bi urte, Convergència eta Unió dibortziatutako gurasoak bezala aurkeztu zituen Ortuzarrek Diadan. Askotan esan dugu CiUri gertatutakoa lezioa izan dela EAJrentzat; hangoak ikusita ez direla sartuko hegemonia galaraz diezaiokeen prozesu batean. Egia da, baina azalpen gisa motz gelditzen da. Era berean, egia da ere jeltzaleak direla oraintxe bertan Espainiako Gobernu eta Estatuaren sostengua, baina haien helburua Espainia salbatzea dela esateak eslogan bezala balio dezake bakarrik, edo ezta hori ere. Ez delako egia.

Sabin Etxean beren kalkuluak egin dituzte. Helburua ez da independentziara hurbiltzea, ezta Espainia salbatzea ere; helburua EAEko statu quo-a mantentzea da, eta horren barruan jeltzaleek daukaten papera betikotzea. Hori lortzeko aukera gehiago ikusten dituzte Gernika bonbardatu zutenen oinordeko ustelen ahuldadea aprobetxatzean.

Kontrakoa defendatzen dutenen esku dago oker daudela demostratzea, eta lehenengo lana ildo horretan jeltzaleen justifikazioari buelta ematea da: bake fiskala sinatzeko gerra egon behar da, eta eremu honetan ez da halakorik egon. Hemen dagoen gauza bakarra menpekotasun egoera nabarmena da: Gasteizko bosgarren indarrak behar duenean soilik irekitzen da zerbait lortzeko aukera.