Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

Ignacio Mulero, La Pedrizakogradua irauli duen eskalatzailea

Joan den apirilaren 23an, eskalatzaile madrildarrak El Hueso sektorean dagoen «Territorio comanche» bidea kateatu zuen. Muturreko adherentzia izaerako 35 metroko marra horrentzat 8c+ proposatu du; hots, Madrileko eskalada eskolaren zailtasun gorena.

La Pedrizaren historian pasarte bat idatzi berri da. Joan den apirilaren 23an izan zen. Eta protagonista Ignacio Mulero izan da. Eskalatzaile madrildarrak “Territorio comanche” kateatu zuen, eta 35 metro dituen bide horrentzat 8c+ proposatu du. Hots, eskalada horretako gradu gorena da. Gainera, Mulerok bitarteko maila bati iskin egin dio; horrekin esan nahi dugu apirilaren 23a baino lehen La Pedrizan egin zen zailtasun handiena 8b+ zela.

Hori guztia gutxi izango balitz bezala, muturreko plaketan edo adherentzian egin den munduko bide zailenetariko bat bezala aurkeztu dute. Hori diote, bederen, Madrileko eskalada estilo horretan jarduten dutenek: «Ignaciok egin duena berezia izan da oso. Inolako zalantzarik gabe, La Pedrizan estilo horretan eta muturreko zailtasunean neurtu ez daitekeen etorkizuna zabaldu du. Orain arte gradu hori zientzia-fikzioa zela iruditzen zitzaigun. Baina argi geratu da Ignaciok muturreko plakei bide berria zabaldu diela; hots, garai berri baten aurrean gaude».

Bai, Mulerok den-denak (bertakoak zein kanpokoak) ahoa bete hortz utzi ditu. Bueno, agian, hutsune adierazgarriena hedabide espezializatuena da; izan ere, bakan batzuek soilik eman dute goi mailako jardun horren berri.

Jakin badakigu, ingurumari honetan (mundu zabalean ere) muturreko slab, plaka edo adherentziaren eskaladak zale gehiegi ez dituela; hots, plaka etzanek ez dute hainbeste eskalatzaile erakartzen. Sabaiek eta erori handia duten bideek, berriz, ia protagonismo osoa jasotzen dute. Aipatzen ari garen adibide argiena nazioarte mailan sona handia duten Kataluniako eskalada eremuetan dugu. Azken bolada honetan, munduko eskalatzaile sasoikoenetariko asko Oliana bezalako eskoletan 9a+ eta 9b zailtasuneko bideak sinatzen ari dira. Komunikabide ia gehienak horren berri ematen ari dira; ez, ordea, Mulerok egin berri duenaz.

Agian, “Territorio comanche”-ri buruz egingo dugun aurkezpenak aipatu dugun guztia azalduko digu. 35 metrokoa da, eta, adherentziak eskatzen duenez, oinentzat zein hatzentzat helduleku oso txarrak eta deserosoak ditu. Hasiera, blokeko sekzio txiki bat (bi txapa) da. Hatzak eta eskuak ia erabili gabe biako 7c/8a zailtasuna duen tarte bat gainditu behar da. Ondoren, sabai bat igotzeko beste bloke gogor bat eskalatzen da. Eta amaitzeko, amaiera ez duen plaka bat; azken asteetan eginiko saioetan Mulero haren amaieran erortzen zen.

Bada, lerrootako protagonistak prozesu luze bati ekin behar izan dio. Izaera horretako bide bat kateatu ahal izateko, bederen pare bat eite azpimarragarri aipatu behar dira. Batetik, hatzen azala egoera onean egon behar da. Eta bestetik, bidearen baldintza egokiak. Beste era batera esanda, muturreko adherentzia horretan ondo jarduteko hotza ezinbestekoa da. Bada, Mulerok “Territorio comanche” kateatu zuen egunean, eguraldi lainotua izan ordez, eguzkia “lagun” izan zuen. Jakina, egunaren lehen argi izpiekin jardun behar zuen. Ordubeteko hurbilketa bidea egin eta gero, marraren sarreran zegoen goizeko 07.20an. Pixka bat berotu ondoren, lehen saioan poltsikoratu zuen “Territorio comanche”.

Aro berria

Aipatu dugu hotzaren kontua, eta, hain zuzen ere, horren bila zebilenez, eskalatzailea “Territorio comanche” urtarrilean probatzen hasi zen: «Eskuarki, goizeko bostetarako martxan nintzen; oso goiz, alegia. Batzuk olatuen bila ateratzen dira; nik, berriz, hotza behar nuen. Marra hori hego aurpegi batean dagoenez, hotza ezinbestekoa da. Horretarako aurtengo negua txarra izan da. Otsailean, bestalde, euria egin zuenez, hilabete osoa Albarracinen eskalatzen pasatu nuen. Martxoan hainbat ekinaldi egin nituen, eta apirilean lau egunetan bertaratu nintzen».

Nahiz eta adherentzian espezialistak diren eskalatzaile batzuek probatu duten, “Territorio comanche” kateatzen lehena Mulero izan da: «Probatu dutenei asko kosta zaie plakaren ondoren dagoen lehen pausua. Hor hatzekin indarra egin behar da. Ondoren datorrena hatzekin barik oinekin eskalatzen da. Aipatutako pausu hori ez da gehien eskatu didana, baina, esan dudan bezala, bertakoentzat gogorrena da. Ez banago oker nik neuk bakarrik lortu dut pausu hori gainditzea».

Pausu gogor hori Mulerorentzat buruhaustea ez bada izan, ze izan ote da zailena? Erantzuna honakoa da: «Besterik gabe, bide osoa kateatzea. Beste era batera esanda, sekzio eta mugimendu guztiak lotzea. Eskalada estilo horretan bideak kateatzeko arazorik ez baduzu, uste dut gauzak azkarrago egin daitezkeela. Ni, ordea, ez naiz ona; eta asko kostatzen zait soka katetik pasatzea. Zergatik? Bada, burutik ez noalako oso fin. Kateatzera joaten naizenean buruak ez dit ondo eskalatzen uzten; behera etortzen naiz. Bidea egitetik gertu ikusten dudanean neure burua, oso-oso urduri jartzen naiz. Bidea kateatzen baino askoz hobeto jarduten dut bidea probatzen. Horregatik diot niretzat gogorrena bide osoa egitea dela».

Arestian aipatu dugu “Territorio comanche”-k hiru zati ezberdin dituela, eta eskalatzaileak dio hiruretan gustura jardun duela: «Lehen zatia blokeko 7a+ izan daiteke. Berez, hortik aurrera marra hasten da. Zailtasunean oso jarraikorra da, eta ez du muturreko pausu bat. Horrelako bideak La Pedrizan ez dira oso ohikoak; eskuarki, sekzio oso motzak dira (zinta bat edo bi). Eta ‘Territorio comanche’ ia 30 metroko sekzio bat da. Badirudi une oro 8b+ zailtasuneko sekzioak gainditzen joaten zarela».

Behin kateatu ondoren, Mulerori bide horren graduaren inguruan proposamena egitea falta zitzaion. Gogoratu behar da Tevergan (Asturias) 9a egin duela, eta blokean 8c. Baina oraingoan muturreko plaka bati zailtasuna eman behar zion: «Marra hau graduatzea oso zaila da. La Pedrizan orain arte egin denarekin alde handia dago; kristoren jauzia da. Maila horren inguruan ez zegoen erreferentziarik, baina argi daukat 8b+ baino askoz ere gehiago dela. Alabaina, aitortuko dut 8c+ dela esateko segurtasun osoa ez dudala. 8b+ gradutik gora bide berriak kateatzen direnean, orduan ‘Territorio comanche’-ren inguruko zehaztasun gehiago izango ditugu».

Azken hori lortzea ez da batere erraza izango; izan ere, La Pedriza ez dago modan, eta soilik bertakoek jarduten dute eskalada estilo horretako muturreko helburuetan. La Pedrizan Carlos Ruiz Snoopyk eta enparauek era askeko eskaladen ateak zabaldu zituztenetik, egun oso eskalatzaile gutxi dira muturreko zailtasunean eskalada bikainak egin dituztenak. Egungo erreferente horietako bat Talo Martin dugu.

Hala ere, belaunaldi berriei dagokienez, muturra sartzen ari diren gazte batzuk badaude. Adibidez, “Mater Misericordiam” bidea (8a) Alex Gonzalezek 14 urterekin egin du; lau saio behar izan ditu. Eta Guillermo Martinek, 23 urterekin, bistan egin du. Potentziala badago, denbora kontua izango ote da?