ANJE ARREGUY
Etxauzia Nafartarren Etxea elkartearen lehendakaria
GUTUNAK

«Mizel»

Hire ustekabeko heriotza, Mizel, tximista bat bezala sartu zaukuk bihotzeraino. Duela hamabost egun, Bilbon hintzan gurekin, Etxauzia proiektua aurkezten. Duela aste bat berriz, Ortzaizen parte hartu huen, bakearen artisau gisa, Basaizeak antolatu “Herria eraiki” mahai-inguruan. Bi egun ere ez dituk joan azken aldiz ikusi hindugunetik. Nafarroaren Egunean. Elizako plazan, umore onean, osagarria untsa ez, baina halere, urteroko itzuliñoa egin nahi izan huen. Ez dakik untsa zonbat mintzen gaituen hire partitzeak. Zonbat sumatuko dugun hire falta Baigorrin eta Euskal Herrian, ez duk erraz hitzez azaltzen. Mendi baten tamainako hutsunea utziko duk gure artean, Mizel, hi ere, mendi bat bezain handia izan haizelako.

Baigorrialdeko mendi bat, horixe izanen haiz beti, Mizel. Jakintsua. Lanerako laguna. Entzuten dakiena. Beti hor dena. Eta besteok galduak giren aldietan, paisaia guzia kolpe bakarrean ikusteko so lasaia duena. Baina, mendiak zubi ere izaiten dituk batzuetan. Eta horietakoa haugu hi. Euskal Herria bitan zatitzeko ezarri daukuten muga faltsua behin eta berriz hautsi duen Baigorriko mendia: Auza kaskoa.

“Herria eraiki” zian izena apirilaren 26ko Ortzaizeko mahai-inguruak. Eta hori bera egin duk hik bizitza osoan. Atsedenik gabe, ekonomian, politikan, kulturan... herria eraiki, azken hatsera arte. Etxauzia zabal eta bizi bat amesten huen, Iparralde barnealdea piztu eta ekonomikoki biziaraziko zuena, Euskal Herri aske eta euskaldun batean. Hi gabe, nekezago izanen dituk lan guzi horiek, Mizel, baina ez duda bururaino eramanen ditugula. Herria eraikitzen segituko diagu. Hik nahiko hukeen bezala. Eta noizbait noraezean, edo galdurik sentitzen bagaituk, Auza mendira itzuliko diagu begirada, hire kontseilu on bat entzuteko prest.

Adiorik ez, adiskidea.