Amalur ARTOLA
SEGURA

Euskal Errepublikaren aldarria hedatuko dute gaur Seguratik

Segurako antzerki taldeak, Gure Esku Dago-rekin elkarlanean, «Iragana, lahar eta larrosa» obra estreinatuko du gaur herriko frontoian. Primo de Riveraren diktaduratik 36ko gerrarainoko aldiaren irakurketa egingo du, begia Euskal Errepublikaren aldarrikapenean jarriz.

Aurkikuntza polita egin zuen 2011n Mikel Aramendi kazetari eta filologoak Itsasondon, bere jaioterrian: 80 urte lehenago, 1931n, garai hartako udal taldeak Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatuz onartu zuen manifestua aurkitu zuen. Poza ekarri zuen hark herrira, eta gogora ekarri zuen Estatu espainolean Bigarren Errepublika aldarrikatzearekin batera Euskal Herrian asko izan zirela izaera propioa izango zuen Euskal Errepublika aldarrikatzen zuen manifestu harekin bat egin zuten udalak.

Iaz, herritik abiatu zen mugimendu hura gogora ekartzeko asmoz ekitaldia egin zuen Gure Esku Dagok Araman, herri hartakoa izan baitzen manifestua sinatu zuen lehen udala. «Goierriko udaletxe guztiak izan ziren deituak bertaratu eta euren atxikipena eman zezaten, eta ikusi genuen oso gai interesgarria zela baina oso gutxi genekiela horren inguruan», azaldu du Lourdes Imazek. Bera da gaur Segurako antzerki taldeak oholtzaratuko duen antzezlana, “Iragana, Lahar eta Larrosa”, idatzi eta zuzendu duena. Gure Esku Dagoren sostengua izan duen obra honen bidez, behetik gorako eta desberdinen arteko mugimendu hura posible izan zela oroitarazi nahi da, «ez dela orain hasi den kontu bat, baizik eta duela 85 urteko gizartea gauza berbera planteatzen ari zela», zehaztu du Imazek.

Antzerkiak Primo de Riveraren diktadura militarretik 36ko gerrarainoko aldia biltzen du (1923-1937) eta denbora tarte horretan bi familia abertzalek izan zituzten bizipenak islatuko ditu, hiru ataletan. Lehenak Primo de Riveraren diktadurapeko bizimodua erakutsiko du eta bi familien aurkezpena ere egiten du: «Industrializazioa hasia bazen ere, Goierrin nekazaritza giroa zen nagusi eta hor kokatu ditugu bi familiak. Euren ogibideak, industrializazioaren eragina, auzolanak zeukan indarra, euskal kulturak bizi zuen errepresioa eta Elizaren eragina erakutsiko ditugu». Bigarren aldiak Bigarren Errepublikari helduko dio, eta Euskal Herrian Euskal Errepublikaren aldeko aldarria hedatzen nola hasi zen erakutsiko du. Hirugarrenean 1936ko altxamendu faxista eta horren ostekoak ekarriko dira gogora: «Hainbat familiatan izan zen sufrimendua, errepresioa... baina baita Eusko Jaurlaritzaren sorrera, Euskal Estatutua, eta horrek etorkizunari ateak nola ireki zizkion ere bai».

Oholtzaz bestaldekoak

Hamasei laguneko antzezle taldeak hartuko du gaur, 21.30ean, Segurako pilotalekuko oholtza (sarrerak bertan eros daitezke; 3-7 urte arteko haurrek 3 euroan dute sarrera eta hortik gorakoek 7 euroan), baina ekimenaren atzean dagoen jendetza nabarmendu nahi izan du Imazek. «Talde amateurra gara eta esfortzu handia da halako lan bat aurrera ateratzea. Jende asko dago obra honen atzean, horien laguntzari esker atera da proiektu hau aurrera».

Oholtzaz bestaldeko lanetan aritu da, besteak beste, Karlos Gimenez konpositorea. «Zorte handia dugu. Obra ezagutu, irakurri, ikusi eta orduan konposatu dizkigu musika ezberdinak eszena bakoitzerako, benetan janzten dutenak izugarri eta laguntzen dutenak hobeto ulertzen guk transmititu nahi duguna», ziurtatu du Imazek.

Antzezlanak dituen hiru atalen aurretik garaiko irudiak biltzen dituen proiekzio bana ere emango da, ikusleari kokatzen laguntzeko, eta lan horretan Anaitz Goia (bideoak) eta Joseba Sakristan (ahotsa) aritu dira.

Eszena eraikitzeko, aldiz, garaiko jantzi eta tresneria erabili dute: «Elkarrizketak lehengo sukalde batean egin behar ditugu eta han egon behar duten elementuak, lapiko, galbahe eta gainerakoak, Antonio Iparragirrek utzi dizkigu. Horien guztien laguntzarekin atera da proiektu hau aurrera».

Gaurko estreinaldiaren ostean, herriz herri emankizun gehiago egiteko asmoa dutela ere iragarri du: «Oraingoz hiru emanaldi baditugu lotuta, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu».