Berri ona, gauzak aldatuz doaz
Lanetik nekatuta, ostiral iluntzean etxera heldu zara, garagardo hotza eta film on bat gogoan; gailu teknologikoek, ordea, jai hartu dute zurean, eta telebista jarri beste erremediorik ez duzu. Izarrak aldeko dituzu: solasaldia dago hiru zinema-zuzendarirekin, beren opera primez, eta horietako bat gero emango dute: “Hola, estás sola?”, Iciar Bollainena. Primeran, goazen 22 urte atzera.
1995ean, asko gustatu zitzaidan filma. Freskoa zen, xumea, herrikoia, bizia… eta ─mirakulua─ emakume gazte bi zituen protagonista, lagun minak beren desberdintasunean, konplizeak. Lau urte aurreragoko Thelma & Louise modukoak, baina Ford Thunderbird auto zoragarri hura gabe eta askoz ere arazo arruntagoekin: dirurik eza, maitasun beharra, amarekiko herra edota abandonu-sentimendua, Madril eta Malagako zantarrenaren erdian. Baina, amerikarrak bezala, sororitateari tinko atxikita. Bollainek zioen neska hauen istorioa kontatu nahi zuela ez zituelako halako emakumezko pertsonaiak ikusten zineman, errealak-edo, normalak-edo, baina bai, ordea, eguneroko bizimoduan, nonahi. Leku eta ahots propioa eman nahi izan zien orduko belaunaldi hartako bi aleri, eta publikoaren harrerak, bereziki, bete-betean asmatu zuela jakinarazi zion. Izan ere, duela hogeita bi urte, pantailako emakumeek oso gutxi zuten oraindik haragi eta hezur, errai eta odoletik, eta gehiegi zeluloidetik eta gizonezko protagonisten istorioen zerbitzurako diskurtso zein ekintzatik. Zinema-aretoetara heltzen ziren filmetan, behintzat, duela ez hainbeste kontsumi genitzakeen bakarretan, bai edo bai industria honetako nagusien apetaren arabera merkaturatutakoetan.
Gaur egun, aukera askoz gehiago ditugu industria ofizialetik aparte sortzen denaz gozatzeko. Pelikulen munduko emakumeak (zuzendariak, gidoilariak, ekoizleak… ez aktoreak bakarrik) gero eta gehiago dira, eta helarazten dizkigute, nork bere ikuspuntuaren arabera, emakume askoz gehiago, lehengo molde gutxi gorabehera uniformetik aske askotarikoak, aberatsagoak; nahi dituzten filmak egiten dituzte, pantailaren aurrean zein atzean. Hortxe ere, duela hogeita bi urte ez bezala, beren bozgorailua hartu eta zer-nolako diskriminazioa, mota askotako indarkeria eta, finean, sexismo bortitza jasaten duten salatzen dute, bat eginago, irensten jarraitzeari uko eginda. Denean aurrera goazela ohartuta, nahikoa arrazoi ostiral iluntzean garagardo hotza, hori bai, gustura irensteko.