J.L.
Sega

Ligako bigarren saioa jokatuko da Lazkaon

Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Lazkaon, 12.00etan, Iztueta baserriko belardietan. Han arituko dira gizonezkoak eta emakumezkoak, bai helduen mailan eta bai gazteen mailan.

Mutiletan, aurreneko jardunaldian Julen Gabirondo izan zen onena, eta oraingoan berriro ere garaipena lortuko balu, txapeletik askoz ere gertuago jarriko litzateke. Haren atzetik Jon Otegi gaztea sailkatu zen, eta Altzok osatu zuen podiuma. Garbi dago Julen Gabirondo hasi aurretik ere faboritoen zerrendan zegoela, eta orain irabazteko hautagaitza indartu egin duela. 

Emakumezkoetan, berriz, ez zen ezusterik izan lehen saioan, eta faboritoak, Alatzne Etxaburuak, lortu zuen garaipena, bigarren sailkatu zen Alaitz Imazi alde dezente kenduta. Maila honetan ere emaitzak errepikatuko balira, Zizurkilgoa txapeletik oso gertu geratuko litzateke. Aurten Europako Txapelketa jokatuko da abuztuan, eta ordurako taldeak egiteko baliagarriak izango dira Ligako emaitzak.

Sokatira

Berriozarren amaituko da Nafarroako Lauko Txapelketa gaurko saioarekin. 17.00etan hasiko da. Mutilak 300 kiloko mailan arituko dira eta hor, Beti Gazte, Berriozar A, Berriozar B, Antsoain, Txantrea eta Kaskailueta arituko dira.

Neskak, 235eko mailan arituko dira, eta hor Beti Gazte, Antsoain, Berriozar, Txantrea eta Kaskailueta lehiatuko dira. Mutiletan txapela nahikoa bideratuta dauka Beti Gaztek, aurreneko jardunaldia irabazi egin baitzuen, eta atzetik dituen Txantrea eta Berriozar A puntu eta erdira dauzka. Nesketan, gauzak estuago daude. Txantrea doa lehen postuan 5 punturekin, eta atzetik puntu batera dauka Kaskailueta.

Honi buruzko guztia: Sega