Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Kartzelak

Michel Foucault-en “Surveiller et punir” liburua irakurri duenak ezagutuko ditu kartzelaren sorrera eta helburuen gaineko zertzelada guztiak. Heriotza-zigorrera kondenatuak zirenen egonleku haiek gerora bihurtuko ziren gaur egungo zigor eremu. Are, zigor fisikoaren gune izatetik diziplinatzeko gune izatera igaro ziren; egun, aldiz, kartzelak kontrolerako espazio gisa baliatzen dituztela irakurri diot Alejandro Forero soziologoari.

Kartzelek historian zehar izan duten eboluzioa ulertzea nahitaezkoa da bere kontra egiteko; izan ere, bere helburu behinena askatasun-gabetzea bada, kartzelak ez du, kontrakoa dirudien arren, preso dagoenaren askatasuna bakarrik mugatzen, bere ingurune osoarena baizik. Kontrolerako gune den heinean ez ditu barrukoak soilik kontrolatzen, kanpokoak ere kontrolatzen ditu, mehatxu moduan. Horrela, Foucaulti jarraiki, kartzela jendartearen erdigunean ezarrita ez da Estatua edo boterea isolatzen dena, norbanakoa baizik. Marra gainditzen duenak badaki zer duen atzetik. Mehatxua beti atezuan da.

Disidentzia politiko ezberdinak deuseztatzeko ere, kartzela barruko kartzelak, isolamenduak, jipoiak, bakartzeak, urruntzeak, deserriratzeak eta mota guztietako xantaiak asmatu izan dituzte, presoa ez eze, herri oso baten oraina eta geroa bahiturik edukitzeko. Euskaldunok bezala, egun gose greba luze baten borrokaldian diren preso palestinarrek ere ongi dakite hori, askatasuna etengabeko borroka dela ulertzen dugunontzat, kartzelak gure bizitzen erdigunean ezarrita herri oso baten askatasun nahia baitute kartzelatzen.

Gurean, eri diren presoak bi hilabeteko bizi itxaropena gelditzen zaielarik aterako ei dituela esan du panoptikoaren ideologo sutsua den barne ministroak, aho txikiarekin heriotza-zigorrera kondenatzen dituelarik. Herri baten nahia preso direnen bizkar mendekatu nahi du. Horra zertarako erabiltzen dituen kartzelak espainiar Estatuak.

Askatasunaren giltza irabazi beharra dugu ezinbestez.