Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Natura

Ilunabarra da, eguna eta gaua elkartzen diren unea, itzalek mundua hartzen dutenean, errealitatea distortsionatzen den mementoa. Basoan barrena zoaz. Pagoak, haritzak, gaztainondoak itzalak bihurtzen ari dira; bidezidorra desagertzen hasi da; zarata txikiak hasten zara entzuten, zanpatzen duzun orbelarena, ezagutzen ez dituzun txoriena, hontzaren ulua. Inguru magiko batean murgiltzen ari zara, ia oharkabean. Eta ipuin hura etortzen zaizu gogora. Hiru gazte, erromeriatik bueltan, basoan barrena doaz ilunpetan pozik kantari. Halako batean, argi gorri bat ikusten dute iluntasunean, airean. Argi hura nork ekarriko duen jokatuko dute.

Badoa beraietako bat argiaren bila. Gerturatzen ari dela, kirats jasangaitza sumatzen du, sufre usaina; eta itzal erraldoia. Bertan dagoela, ikusi duen itzal hura sekulako zakur erraldoia da. Argi gorria bere eztarrian dauka zintzilik, hortz zorrotzez jantzitako aho barruan. Eta bidezidorrean aurrera zoazela, ipuina gogoan, zarata identifikaezina entzuten duzu. Gaua basoa hartzen ari da. Zakur itzelak gazteari esandakoa etortzen zaizu burura: «Eguna egunekoentzat da, gaua gauekoentzat».

Kontu zaharretan gaua eta basoa osagarri ezinbestekoak izan ohi dira maiz. Sinbologia indartsuen sortzaileak biak. Pentsamendu magiko baten eragile apartak. Kontu horiek imajinario baten eraikitzaileak dira, industrializazioaren aurreko jendarte baten ahozko sormena. Kontalaria naturari begira jarri beharko da, kontatuko dituen ipuinetan murgil dadin.