Ariane KAMIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
ANA MALAGON
IDAZLEA

«Gustatuko litzaidake gauza optimistagoak idaztea... baina hain gara miserableak!»

Geratzekoa da Ana Malagonen (Donostia, 1978) gonbidapena partitzekoa baino gehiago. Identifikazio eta ulermen prozesu bateko hautua da berea, nork bere miserietan haztatzen duenean gerta daitekeena. Leiho bat zabaldu du, edo gehiago, barrura begira jartzeko.

“Gelditu zaitezte gurekin” (Elkar) du izenburu Ana Malagonen berrienak. Hamalau ipuin ondu ditu, zein baino zein harrigarriagoak. Erakargarriagoak. Pertsonak, harremanak eta haien alde ilunetatik agertzen diren argi printza lotsatiak.

Liburu sarkastikoa dela iruditu zait.

Nik ez nuke esango, baina jende zenbaiten erantzuna izan da barre ilun bat egiten dela, umore beltza dagoela. Ni harritzen nau, zeren ez nuke pentsatuko sarkastikoa denik, edo ez behintzat kontzienteki sarkastikoa, baina beharbada badago atzetik ironia bat zenbait kasutan dramatismoa kentzeko, edo dramatismoari aurre egiteko autodefentsa bezala.

Zure burua idazle voyeur gisa ikusten duzu? Obserbazio idazle zara?

Nik ez dut neure burua idazle kontsideratzen, hori lehenengo gauza. Ez nuke esango idazle autobiografikoa naizenik. Jartzen badugu voyeur-autobiografia balantza horretan, askoz voyeurragoa naiz eta fikzioak ahalbidetzen du ikusten duzun horren gainean eraikitzea.

Badago paisaia moduko bat ipuin bakoitzean.

Bai, ikusten, entzuten, irakurtzen ditudan gauzak daude liburuan. Hori izan daiteke abiapuntu bat beste gauza batzuk garatzeko.

Voyeurismo literarioa, ez egoeretara mugatuta soilik, baizik eta pertsonen sentimenduetara, jarreretara eta erabakietara ere bai.

Nahiz eta ipuinak lehenengo pertsonan idatziak izan, abiapuntua obserbazioa da. Badago mundua ikusteko edo erakusteko modu bat.

Idazterako orduan badirudi idazleak alde egiten duela kontakizunetik.

Ez dakit zenbateraino den horrela. Gustatuko litzaidake idazlea desagertzea erabat eta uztea gauzak bere horretan gertatzen. Zerbait gelditzen dela suposatzen dut, beti gelditzen delako.

Baina oso gutxi. Ez dago narrazio presentzialik eta haria bere kabuz askatzen da.

Baliteke lehenengo pertsona horren ondorioz izatea idazlearen presentzia ez nabaritzea. Nahiz eta lehenengo pertsona batzuetan tranpa ere baden. Ipuin guztietan ez da ahots hori protagonista hartuko nukeena. Pertsonaia batek aitarekin duen harremana, edo amarekin, edo senideekin. Batzuetan, beste pertsonak dira protagonistak kontatzen duen lehenengo pertsona baino hein handiagoan.

Ipuin gehienetan edo guztietan ageri dira harremanak oinarrian.

Bai. Askorako ematen dute harremanek, egia esan. Lehenengo liburuan –"Lasai, ez da ezer gertatzen" (2014)– isolamenduak edo bakardadeak bazuen presentzia nabarmenago bat. Bigarren honetan badago isolamendu eta bakardade hori, zeren beti dago, baina nahiago nuen harreman horiek sortzen dizkiguten barne gatazkak jorratzea. Harremanak dira ipuinen funts nagusia; baita ere pertsona bakoitzak norberarekin daukan harremana, izan nahi duena eta ez dena.

Egoera askok surrealismoa ukitzen dutela iruditzen zait.

Bizitza bera da hain surrealista! Posible diren gauzen katalogoa oso zabala da. Ez dakit adibide zehatz batez ari zaren.

Miguelen ipuina, adibidez.

Miguelen ipuina istorio erreal batean oinarrituta dago. Behin entzun nuen irratsaio batean istorio hori eta ezagutu dut pertsonarik hori gertatu zaionik, hau da, etxe bat ‘xomorroarekin’ erostearena. Pentsatu egoera horretan, non ondo datorkizun pertsona bat hiltzea praktikoki, baina azkenean pertsona horrekin sortzen duzun harremanean gero ez duzu nahi, heldu nahi diozu pertsona horri. Ematen du ez dela posible baina horrelako gauzak gertatzen dira. Surrealismoarena gaur egun ez dakit ze puntutaraino den surrealista.

Argi dagoena da ipuin hauetan norberak barruan daraman «xomorroa» geratzen dela agerian.

Barruan daukagu inkilino bat eta batzuetan bota nahi dugu bertatik, eta bestetan eutsi nahi diogu horri, eta batzuetan esaten dizkigu entzun nahi ez ditugun gauza batzuk eta bestetan geure burua zuritzeko balio digu. Bakoitzak badauka bere xomorroa barruan eta xomorro horrekin duen harremana kudeatzea ez da gauza erraza.

Batzuetan izan daitezke gu konturatu gabe barruan ditugun gauzak. Liburua irakurtzerakoan egoera eta pertsonaia askorekin senti daiteke irakurlea identifikatuta.

Gauza nahiko unibertsalak dira nolabait. Modu batera edo bestera guztioi gertatzen zaizkigun gauzak dira. Guztiok ditugu mota desberdinetako harremanak eta guztiok dugu geure buruarekin harreman bat. Ipuin desberdinak izanda, pertsonaia desberdinekin eta egoera desberdinekin, saiatu naiz irakurleak konektatzea horrekin. Saiatu naiz ulertarazten zergatik gertatzen diren gauzak.

Erosoago sentitzen al zara pertsonen alderdi ilunei buruz idazten?

Beharbada bai. Gustatuko litzaidake gauza optimistagoak eta onberagoak idaztea. Saiatu behar dut. Baina hain gara miserableak! Fikzio handia egin behar da. Nahiz eta miserable batzuk izan, saiatzen naiz pertsonaia guztiek izatea zerbait ez dena hain iluna. Igual ez nintzateke pertsonaia baten lagunik onena izango, baina ulertu dezaket eta barkatu diezazkioket hainbat gauza. Argitxo batzuk ere badaude. Eta horrek egiten gaitu gizatiarrago. Gizaki garen heinean baditugu gure puntu ilun eta argiak. Munduaren oso ikuspegi iluna dut, hala ere.

Bakoitzak darama nork bere miseria barruan, uste dut inor ez dela horretaz libratzen.

Bai, baina bada jende bat ez dela oso kontzientea horretaz. Badago jendea pasatzen dena bizitzatik pentsatzen estupendisimoak direla. Ez dakit zenbateraino saiatzen garen miseria horiek identifikatzen, ulertzen eta horrekin bizitzen ikasten. Geure burua ezagutu eta esan, «nik miseria hori daukat». Ez dakit zenbateraino egiten dugun hausnarketa hori, gizarteak berak ez digulako egiten uzten. Hain azkar bizi gara, pixka bat ahazten dugula nor garen, ahazten ditugula gure miseria horiek eta miseria horiek ondorioak dituztela ere bai. Liburuko pertsonaiengan badituzte ondorioak, edo ondorio ezak, batzuk badaude egoera bati lotuta, eztanda egin nahian, eta hor gelditzen dira harrapatuta. Guztiok ditugu gure gauzatxoak.

Esan daiteke pixka bat «killer» jarri zarela ipuin hauetan. Zenbat heriotza daude?

[Danele] Sarriugartek zenbatu zizkidan heriotza guztiak, gerra batean bezala. Ez nuen pentsatzen hainbeste zirenik baina azkenean heriotzak oso truko errazak dira. Heriotzak laguntzen gaitu ikusten nor garen. Heriotzarekin dugun harremanean pertsonaiak sortu eta deskribatzerakoan, pertsonaia hori ulertzeko, heriotzarekin daukan harremanak oso aukera onak ematen ditu. Heriotza, edo heriotzaren gertutasuna; gaixotasuna, istripuak… Heriotza eta jaiotza dira gure bizitzan dauden bi muturrak eta tartean egiten dugu ahal duguna. Heriotza niretzat oso gai inportantea da, asko esaten duelako garenari buruz. Nola hartzen dugun gure heriotza izango dena eta nola hartzen dugun maite edo gorroto ditugunen heriotza.

Heriotzak gure barruko ate bat zabaltzen duela esan nahi duzu?

Heriotzaren buelta horretan zabal daitezke leihoak besteek gure miseria horiek ikus ditzaten. Gure bizitzan zehar ditugun heriotza desberdinek irekitzen dituzte gure harremanen leihoak. Harremanak nolakoak ziren ikusteko aukera ematen dute.

Nahiz eta ipuinetan gehienbat mundu ikuskera ilun bat gailentzen den, gizatasun handikoak dira.

Gizaki bezala zer garen eta nor garen ulertzen asko laguntzen dit irakurtzeak eta idazteak edo pelikula bat ikusteak. Fikzioak orokorrean. Gizatasun hori ulertzen laguntzen dit. Faszikuluetan, CCC ikastaro bat egiten, saiatzen naiz ulertzen zergatik jendeak egiten dituen egiten dituen gauzak. Nahiz eta batzuetan gizakia ez dagoen ulertzerik.

Nola heltzen diezu istorio hauei?

Prozesu desberdinak egon dira. Batzuetan egoera bat izaten da abiapuntua, besteetan pertsonaia… Ipuinek sartu-irten asko dituzte. Suposatzen dut ez dela nobela bat idaztea bezala, ez naiz inoiz saiatu ere. Ipuinek ahalbidetzen dute prozesu desberdinak landu ahal izatea.

Mikroipuinekin hasi zinen –“Lasai, ez da ezer gertatzen” (2014)–, orain ipuinak…

Eta gero nobela eta saga bat! [Barreak]. Ez dut uste. Ipuinekin eroso sentitzen naiz, mikroipuinekin agian erosoago. Baina beste gauza luzeagoak idazteko ez dut neure burua ikusten. Bestelako bizimodu bat izan beharko nuke. Istorio bat oso-osorik buruan izan beharko nuke eta momentuz ez da kasua. Jendeak esaten du nobela bat ez baduzu ez zarela inor, baina nik aldarrikatu egin nahi nuke ipuinen balioa. Zergatik izan behar du nobelaren haurride pobrea?

Batzuetan hala da, tamalez.

Hori pelikuletan ere gertatzen da. Film batzuk badira film labur estiratuak. Istorio asko konta zitezkeen ordu laurden batean. Ez dakit literaturan hori gertatzen den, baina suposatzen dut baietz. Ipuin on bat nobela txar bat izan daiteke. Horri kristoren beldurra edukiko nioke. Sekulako ikara ematen dit. Irakurle bezala amorru handia ere ematen dit hori jasan behar izateak. Errespetu falta handia da. Azkenean denbora bat eskaintzen ari zaizu.

Zure lanbideak literatura egiteko moduarekin zerikusia duela uste duzu?

Beharbada bai, trinkotasunerako joeran, adibidez. Aplikazioak diseinatzen ditut eta espazio oso mugatua dugu. Publizitate mundutik nator, eta han gauza berbera. Paragrafo bat duzu gauzen onura guztiak kontatzeko. Azken hamabost urteetan baldintzatua egon naiz espazioarengatik eta horrek agian nire idazketa ere baldintzatu du.

Hemen betelanik ez dago.

Benetan asko kezkatzen ninduen gauza da. Askotan pasatu dut belarra mozteko makina nire testuetan.

Elkarrizketa hasieran esan duzu ez duzula zeure burua idazletzat hartzen. Zergatik?

Ez dakit zenbat liburu argitaratuta esan daitekeen idazlea zarela.

Bakarrarekin nahikoa, ez?

Diseinuaren munduan zera aipatzen da: bat da bakantasun, bi dira konfrontazioa, hiru dira taldea. Hirugarrenarekin agian sentituko naiz, baina birekin ez [barreak].

Idazle izatea ez dut hartzen neure burua definitzen duen tasun bezala. Nire gailurtxoetako bat da. Pentsatu nahi dut beste gauza txiki asko naizela. Eta nahiago dut horrela ikustea neure burua gailur bat edukitzea baino. Helduleku gehiago izan nahi ditut nire bizitzan eta ez dena karta bakarrera jokatu.