Lore AGIRREZABAL
HAUR LITERATURA

Nostalgia gozoa

Inoiz haur liburu bat esku artean hartu eta zure haurtzaroa usaintzera iritsi zara? Niri duela hamar bat urte gertatu zitzaidan liburutegi bateko apaletan, bat-batean, Timun Mas argitaletxearen “Zesar eta Ernestina, Gedeonen bila” liburua topatu nuenean. Gerora, guraso naizenetik nire alabentzat Gabrielle Vincenten (Brusela, 1928-2000) bilduma hartako harribitxiren bat eskuratzen saiatu naiz, baina gaztelaniaz baino ez dut lortu ahal izan.

2012an pantaila handira iritsi ziren hartz eta sagutxo hark osatutako bikote bitxiaren istorio gozoak “Ernest et Célestine” tituluarekin, eta, ondo gogoan dut duela hiru bat urte, film saritu haren harira, Asun Agiriano bibliotekari eta haur literatura adituak “Behinola” aldizkarian (29. zenb.) Mikel Insausti zinema kritikariarekin batera idatzitako artikuluan, hordagoa bota ziela euskal argitaletxeei Gabrielle Vincenten bilduma euskaraz berriz argitaratzeko eskatuz.

Zorionez, Pamielak heldu ahal izan dio hordago hari, Kalandraka argitaletxearekin batera, eta, udaberriko nobedadeen artean dugu orain “Ernesto eta Zelestina, kale musikariak” liburua. Berrargitalpen honetan, gainera, protagonisten jatorrizko izenak mantendu dituzte, 80ko hamarkadan ez bezala, orduan –gaztelaniazko itzulpenaren eraginez ziurrenik−, Zesar eta Ernestina izenak hartu baitzituzten. Formatuari dagokionez, tapa gogorreko edizio oso zainduan argitaratu dute liburua, garai bateko edizioen kutsu nostalgikoa ematen dion okre koloreko oihalezko bizkar eta guzti.

Izan ere, Vincenten ilustrazioek beste garai bat, XX. mende hasiera, iradokitzen dute. Argizarizko margoz hasi eta lumaz amaitutako trazu finak dira bereak, kolore apaleko akuarelaz beteak: hori leunak, sepiak, grisak, urdin argiak, arrosa apalak… Orrialde ia osoak hartzen dituzte eta azpian testuak bizpahiru lerrotan ematen digu bi protagonisten arteko elkarrizketa. Zenbaitetan ezta hori ere, Vincenten irudien isiluneek hitzek baino gehiago esan eta iradokitzen baitute. Ipuin xumeak dira baina, beren txikian, maitasuna, eskuzabaltasuna, haserrea, tristura, poza, itxaropena eta zoriona transmititzen duten istorio handi bihurtzen dira.

Guztietan bi dira protagonistak: Ernesto, bere bihotza bezain hartz handi, gozo eta lasaia, eta, Zelestina, erraz muturtzen den sagutxo burugogor, bizkor eta eskuzabala. Elkarrekin, sortzen zaizkien arazoei irudimen eta umore handiz irtenbidea bilatu eta bizitzan aurrera egiteko modua topatzen dute beti.

“Ernesto eta Zelestina, kale musikariak” izeneko ipuin honetan protagonistek itoginez betetako etxeko teilatu zaharra konpontzeko dirua behar dute. Baina poltsikoak hutsik dituztenez, dirua biltzeko asmoz, aspaldian erabili ez duen biolina kalean jo dezan eskatzen dio Zelestinak Ernestori. Zailtasunak zailtasun, Zelestinaren ekiteari esker, behar beste diru lortuko dute, baina, azkenean, hasierako premiak ahaztuta sosak beste gauza batzuetan xahutu eta une horretan bizi duten bizipoza gozatzearekin nahikoa izango dute.

Arazo handiak txiki bihurtzeko eta gauza materialei baino beste bizipen eta sentimendu batzuei garrantzi gehiago emateko gaitasun berezia dute bi protagonistek. Irudimena erabiltzea, norberaren gaitasunetan sinestea, ahalegintzea, ez etsitzea eta unean unekoa bizitzea dira, besteak beste, istorio honen atzean dauden balioak.

Gabrielle Vincentek 30 liburuz osatutako bilduma argitaratu zuen eta euskaraz gehiago ere argitaratuko diren itxaropena dut. Ea, gutxienez, agortuta dauden haiek (“Zesar eta Ernestina mendira doaz”, “Zesar eta Ernestina argazkilariaren etxean”, eta “Zesar eta Ernestina Gedeonen bila”) berreskuratzerik dugun, liburutegi gutxi batzuetan ez bada, ezin baitira jada beste inon lortu.