«%100 basque» eta «Gerra txikia», letraz letra
Lander Garroren «Gerra txikia» bata, Itxaro Bordaren «%100 basque» bestea. Gaur, Hendaian, Akelarre elkarteak antolatuta, eta bihar, Bilbon, Bilbo Zaharra euskaltegiaren eskutik, irakurraldiak egingo dira. Bordak hitzaldia eskainiko du gaur Euskaltzaindiaren egoitzan.
Gaur goizean, 9.00etan, emango zaio hasiera Hendaiako Mediatekan Lander Garroren “Gerra txikia” liburuaren irakurraldiari. 145 pertsonak parte hartuko dute 19.15era arteko ekitaldian. Zortzigarren urtez egingo da.
Baiona, Ahetze, Donibane Lohizune, Pasaia, Donostia, Lasarte-Oria, Iruñea, Uztaritze, Montreal, Irunberri, Paris eta Hendaiatik bertatik ere jaso diren 78 grabaketa ere eskainiko dira streaming bidez mediatekan jarriko den pantaila handian.
Arratsaldeko saioa Hasier Etxeberria gogora ekarriz hasiko da. «Bere ‘Inesaren balada’ izan baitzen irakurri genuen lehen liburua. Hasierrek ez baitzuen inor indiferente uzten, gu ere ez. Zurikeriarik gabe iritzi-emaile... baina azkenean xamur eta parte hartzaile. Lagun artean hainbat oroitzapen partekatuz, gure esker ona adieraziko diegu, bereziki, bere seme-alabei», azaldu dute antolatzaileek.
Arratsaldean zehar, Hendaiako irakurleek zein Bilbo, Baiona, Angelu, Errenteria, Azkaine, Irun eta Hondarribikoek ahotsa jarriko diote Garrok idatzitakoari.
400 lagun Bilbon
Bilboko hitzordua Arriaga antzokian izango da, bihar. Goizeko zortzietatik aurrera, hamaika orduz jarraian, 400 lagun igoko dira agertokira, horietatik asko aurpegi ezagunak. Itxaro Bordak berak emango dio hasiera egunari, idazleak irakurriko baititu bere lanaren lehen lerroak.
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako Klasikoen Irakurraldi Jarraituak edizio berezia du aurtengoa, hamar urte beteko baitira abian jarri zenetik.
Horren ondoren, Arriaga plazan erromeria eginda bukatuko da eguna, iluntzean.
Irakurketak zuzenean jarraitzeko aukera izango da bai Arriaga antzokiaren kanpoaldean, bai Alondegiko atrioan ere.
Aurten, estereotipoetatik ihesi, emakumezkoek gaur egun euskal literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi du Klasikoen Irakurraldiak. “%100 basque”2001ean argitaratu zen eta hurrengo urtean Euskadi saria irabazi zuen. «Obra honetan, Itxaro Bordak euskaldun izatearen eta euskal kulturaren izaeraren gaineko hausnarketa egiten du. Idazleak behin eta berriro hausnartzen ditu estilo eztabaidak, eta bitartean, estereotipoak, errealitatearekiko beharra, kritika sozioekonomikoa, kultura... nahasten ditu», nabarmendu dute Bilbo Zaharreko kideek.
Liburuko hitz asko ez direnez ez Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ez Orotarikoan agertzen, antolatzaileek Sakela izeneko hiztegira igo dituzte. Sarean dago erabilgai eta aplikazioa doan instala daiteke smartphonean.
Eta horixe du ardatz gaur Bordak Euskaltzaindiaren egoitzan 19.00etan emango duen hitzaldiak: “Literatur hizkuntzaren hautua”.