Otoitza
Gutxieneko soldatatik beherakoentzako osasun zentro baten atarian zegoen, tente-tente, irribarre zabal-zabala ahoan. Auskalo zenbat ordu zeramatzaten postura horretan, ondotik igarotako norbaitek galdetegiari erantzuteko astia –«bost minutu besterik ez dizkizut kenduko»– eskainiko zien tema nekaezinean. Udalari gizarte-zerbitzu jakin batzuetara bideratutako laguntza handitzeko sinadurak biltzen ari ziren, ea zerbitzu horien berri ote nuen, ea languntzeko prest nengoen.
Ezezkoa erantzun nezakeen, besterik gabe. Horren ordez, ordea, «ez dakit laguntzerik izango dudan ez baitut hiritartasunik», atera zen nire ahotik. Ondotik igarotako autoaren zaratak ezabatu zuen erantzunaren bigarren partea eta arazoa denbora kontua zela ondorioztatuta, «di-da batean egingo dugu» ziurtatu zidan, behin gehiago, sinadura-biltzaileak. Oraingoan pixka bat ozenago, «ez naiz amerikarra» esan nuen. Irribarrea izoztuta bezala geratu zitzaion. «Oh, I see». Lehen aldia izango zen gizon beltz hark amerikarra ez zen zuri batekin topo egiten zuena. Akaso lehen aldia zen norbaitek erreparorik gabe hiritartasunik ez zuela esaten ziona. Polizia-sarekadak daude hirian astero dokumentuak ez dituztenen kontra. Ondoan zuen mutil urduriak, itxuraz latinoa, «God bless America» ohikatu zuen bat-batean. Ez entzunarena egin nuen. Haiek inork baino hobeto jakin beharko lukete otoitzek ez dituztela AEBen arazoak konponduko.