GARA
BILBO

Argi eta transparentzia jokoen bidez hutsuneen gaineko gogoeta egin du Zaloa Ipiñak

«Ikus-esparru zabalduak» erakusketaren bidez, Zaloa Ipiñak argiaren gainean egiten ari den hausnarketaren baitan sortu diren zenbait pieza jarri ditu ikusgai BilbaoArten. Ekainaren 28ra bitartean ikus daitezke.

“Ikus-esparru zabalduak” izenburupean aurkeztu du Zaloa Ipiña artista bilbotarrak ekainaren 28ra bitartean BilbaoArte aretoan ikusgai jarri duen erakusketa. Pasa den urtean artista bekadun gisa aritu zen Ipiña aipatu ekoizpen artistikorako zentroan eta azken urteetan garatu duen argiaren gaineko gogoetan urrats bat gehiago emanda dator erakusketa berria. Bertan, zenbait egitura garden ezarri ditu Ipiñak eta, argiak horiek zeharkatzean, «espazioa kontzeptu mugatu bihurtzera» pasatzen da, BilbaoArtetik azaldu dutenaren arabera.

Erakusketaren funtsa «irekiera» dela nabarmendu dute, «espazioaren desagertzea eragiten duen transparentzia, espazioa bera irekiz eta zabalduz». Gaineratu dutenez, sentsazio horren bidez artista bilbotarrak agerian utzi nahi izan du «babesten eta besarkatzen gaituzten espazioak zenbaitetan bilaka daitezkeela lotzen edo espetxeratzen gaituztenak» eta bide horretan muga fisikoak mentalak izatera igaro daitezkeela. «Edonola ere, Zaloa Ipiñak barruko eta kanpoko aldeen arteko harremana ezarri gura izan du, horiek biak banatzea ekidinezina baita», gaineratu dute.

Hutsuneen protagonismoa

Ipiñaren lanetan leku berezia izaten dute hutsuneek eta oraingo honetan ere horiek hartzen dute protagonismoa. Aretotik azaldu dutenez, alde batetik, hutsuneak funtsezkoak dira egiten ari den argiaren azterketarako eta, beste alde batetik, kanpoko aldearekin lotura egiteko ezinbestekoak dira.

«Hortik sartzen da sukaldera etxe ondoan dauden mendia edo zerua. Abiapuntuak dira hutsune horiek, intimitatea bezain arin, hauskor eta liluragarriak diren objektuak egiteko oinarria dira, hau da, euskarri gardenak dira», nabarmendu dute. Era berean, azpimarratu nahi izan dute Bilboko Udalak artista bilbotarraren aldeko apustua egin duela Ipiñari erakusketa hau osatzeko beka eskaintzeagatik eta, horrenbestez, bere obra hiriko kultur eskaintzaren parte izatera pasatu izana ere ontzat jo dute.

Zaloa Ipiñak (Bilbo, 1986) Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta Obra Grafiko Garaikidearen gaineko masterra egin zuen A Coruñako CIEC fundazioan. Bartzelonako Centre d’art Contemporani Piramidón-en egonaldi artistikoa ere burutu zuen orain bi urte eta bakarkako hainbat erakusketa egin ditu. Besteak beste, “Ikus-esparru zabalduak” bera Bilboko Rekalde aretoan (2016), “Invasió lumínica” Reuseko Antoni Pinyol galerian (2016), “ITZALezinak” Bilboko Windsor Kulturgintza galerian (2014) eta Bilboko Michel Mejuto galeriako “Ate irekiak” programan (2012).