Haurtzaroko askatasun goxoa
Euskal eskolan, genero-arraila garrantzitsua dago, Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI) arabera. Ni ez naiz irakasle, hezitzaile, begirale edo umeekin eguneroko harremana duen inor, baina kalean ibiltzen naiz, sarri guraso diren lagunekin eta beren seme-alabekin, eta begi eta belarri pareak zabal-zabalik ibiltzen ditut. Haurrak, txiki-txikitan, xaloak dira, senari kasu eginez bizi dira, eta erreparatzen diote beren gogoari beste ezeri ez. Haien mundua mundutxoa da, eremu ezagun eta oraindik gutxi samar populatua, eta bertan berdin jolasten dira neskak eta mutilak pareko beste neska eta mutil batzuekin, neskato edo mutiko diren pentsatu ere egin gabe, inola ere ez barneratuta neskato edo mutiko izanik ingurukoak gustura egon daitezen nola jokatu behar. Horrek, haurtzaroko askatasun goxo horrek, oso urte gutxi iraun ohi du gehienon bizitzetan…
Helduok ez baikara xaloak; eskuarki, norberaren senari muzin eginez bizi baikara; erreparatu ohi diogulako gure erraiei ez beste hainbeste konturi; gure mundua eremu zabal eta jendeztatua bihurtu zaigulako, non besteren aurreiritziak, arauak, jokabideak, esperantzak ere bai… sendoak diren, eta uxatzeko astunegiak. Hortaz, hazi ahala, begi eta belarri pareak findu ahala, batik bat inguruko helduei begira, haienak geure egiten ditugu, onerako eta txarrerako. Arrailak sortzen hasten dira pertsonarengan: zenbat eta nagusiago, orduan eta serioago jokatu behar (horixe baita heltzea), eta serio jokatzekotan, jendartean ezarrita dagoenaren arabera egin behar. Umeak ez dira-eta ergelak. ISEIren arabera, jauzia dago haur-hezkuntzatik DBHrako bidean. Hor, nerabezaroan, neskak neskago izaten hasten dira, eta mutilak mutilago; hor, nerabezaroan, zeinetan bat-batean mota orotako eraginak tropelean datozkigun, zentzumenen iturria erabat eta etenik gabe ireki balitzaigu bezala; hor, nerabezaroan, non bide bat edo beste hartu, hau edo hori erakutsi, honela edo horrela jokatu, hil ala biziko gauza dirudien, eta dena betiko, gure ekintza bakoitza aldagaitza balitz bezala, betiko bereizgarri izen onekoa edo betiko estigma itogarria. Orduan hasten dira gazteak arrailak bere egiten, inguruan behar bezala integratzeko, xelebretxo hori ez izateko, babestuta sentitzeko… finean, gu bezalakoak izateko, helduok bezalakoak. Hortik aurrerakoa, norbere bizitzaren aldeko eta mamuen kontrako borroka saihetsezina, haurtzaroko askatasun goxo hura berriz erdietsi nahia.